Live
'Iratz' diskoa aurkeztu berri du Iratz Urkizu Gastañazpi abeslari oriotarrak, bere lehen bakarkako diska. Bederatzi abestiz osatutako lana da eta ekainaren 11n kaleratu zuen. Ostiralean eskainiko du bere lehenengo kontzertua eta sarrera guztiak atera bezain laster agortu ziren. Iratz oso pozik dago harrera honekin «amets baten hasiera da eta hau hasiera paregabea».
Itxialdian hasi zen abestien bertsioak sarera igotzen eta gitarra jotzen ikasten. Orain, disko bat kaleratzera ausartu da.«Momentuz jaso ditudan kritikak onak izan dira», esan digu oriotarrak.
Ez da oholtza gainean aritzen den lehen aldia, Bide Batez trikiti taldean eman baitzituen jendearen aurrean kantatzeko lehen pausoak.«Taldearekin jarraitzen dut baina bakarlari gisa probatu nahi nuen» aitortu digu.
Apirilean grabatu zuen diskoa, Mutrikuko AME estudioan, eta Axular Arizmendi aritu zen soinu teknikari gisa. Single-aren bideoklipean Mattin Ostoloza (baxuan), Aitor Amilibia (gitarran), Ainhoa Urteaga (pianoan) eta Etxahun Urkizu Arsuaga (baterian) musikariekin aritu da. Hauez gain, kolaborazio andana izan ditu diskoan: Joanes Ederra, Iker Lauroba, Andoni Garcia, Arantzazu Mujika…
Diskoa aurkeztera gerturatu da Bigarren Kafearen estudiora.