Live
Jose Javier Zabaletari uste baino «dezentez errazago» irabazita lortu du Jokin Altunak 2021ko esku hutsezko buruz buruko finalerako txartela. Ekainaren 13an neurtuko ditu indarrak amezketarrak Iñaki Artolarekin. Alegiarrak txapelketa «konpletoa» egin du, aurkari ezberdinen kontra «estrategiak moldatu eta ongi atera zaizkio gauzak», esan du Altunak; «indartsu dago».
Iaz Erik Jaka lizartzarra izan zuen aurkari eta esku hutsik itzuli zen arren, aurten ere eskualdeko pilotari bat aurkari izatea oso polita dela dio: «duela urte batzuk debutatutako eskualdeko pilotariak goian gabiltza, horrekin oso kontentu nago». Iazko arantza ateratzeko asmotan dabilen galdetuta, garbi du pentsamendu horiek ez dituela bueltaka. «Aukera polit bat bezala hartu eta ahal duten guztia egingo dut, ilusioz», dio.
Finalera ongi iristeko itxaropenez dago. Txapelketa prestatzeko entrenamentuetan «sentsazio onarekin» hasi zen eta hori mantendu nahi du. Presiorik ere ez du hedabideek faboritotzat jotzeagatik: «ikasi egiten duzu hortik ateratzen eta aurkaria bata edo bestea izan aukera ona dut txapela lortzeko, horretan pentsatzen dut».
Publikorik gabe jokatzen jarraitzea «arraroa» egiten zaiela aitortu du, baina «beste milaka langile bezala» eurak ere ez direla salbuespena. «Gutxinaka ari da buelta ematen eta gogotsu gaude jendea frontoian egoteko».