Live

Bigarren Kafea

Joko du pianoa berriro Keith Jarrettek? | 1. atala

Joko ote du pianoa berriro Keith Jarrettek? Oraingoz ez da oholtzetara itzuli, baina bere ondarea zabala eta mamitsua da. Jarreten inguruan hitz egiten jarri ditugu 4 pianista: Joserra Senperena, Juantxo Zeberio, Koldo Uriarte eta Iñigo Ruiz de Gordejuela. Hau duzue lehen atala.

Audio_placeholder

Joko du pianoa berriro Keith Jarrettek? | 1. atala

Loading player...
Keith Jarret zuzenean.
Keith Jarret zuzenean.

Larunbatean beteko ditu 76 urte Pensilvaniako Keith Jarrett pianojoleak. Abangoardiako jazzaren maisutzat dute askok. 2018an bi garun-isuri izan zituen eta horrek ondorioak utzi zizkion, eta 2020an interpretaziotik erretiratuko zela iragarri zuen. Bere urteurrena aitzakiatzat hartuta, Keith Jarrett pianojolearen ibilbidea gertutik segi eta Pensilvaniako pianojolearen eragina euren bidetan sentitu duten 4 euskal pianojole ekarri ditugu gurera: Joserra Senperena (Donostia 1965), Juantxo Zeberio (Tolosa, 1968), Koldo Uriarte (Araia, 1976) eta Iñigo Ruiz de Gordejuela (Mendareo, 1994). Bi ataletan banatuko digu solasaldia, hau duzue lehendabiziko atala.

Piano klasikoa, klabikordioa, klabezina eta organorako piezak ere interpretatu zituen Keith Jarrettek.  Musika klasikoko hainbat disko grabatu ditu, Bach, Händel, Mozart eta Shostakovichen lanak interpretatuz, besteak beste. Baina jazz estiloan egin du dizdira gehien. Bere ekoizpen bikainena Kolonian, Parisen, Milanen, Vienan, Tokion eta beste hiri batzuetan zuzenean grabatutako pieza inprobisatu sorta bat da. Ziur aski, hauek dira bere lanik ospetsuenak, baina, zalantzarik gabe, bertutetsu handi bat da.

Nor da Keith Jarret?

18 urterekin hasi zen Joserra Senperena jazza entzuten eta ikasten. «Ordurarte rocka entzuten nuen, gero bluesa, eta handik jazzera pasa nintzen Tom Waitsen bitartez eta Stingen lehen diskoaren bitartez». 'The Köln Concert' izan zen erosi zuen lehen jazz diskoa «flash bat izan zen», geroztik bere ibilbidea jarraitu zuen eta erreferente handi bihurtu zen hainbat urtetan «bere hizkera unibertsala da, rocka, popa, bluesa musika klasikoa, garakidiea ...oso diskurtso aberasgarria du, mugagabea da. Inprobisatzaile handia da eta interpretatzaile gisa ere, zer esanik ez!».

«Keith Jarret izan da nire pianojole ibilbidean eragin gehien izan duena» aitortu du Juantxo Zeberiok. Umea zela iritsi zitzaion 'The Köln Concert', «zerutik etorritako aurkikuntza bat izan zen hura» eta hura imitatzen pasatzen zituen orduak Jarreten soloak atera nahian.

Bide beretik ere Iñigo Ruiz de Gordejuela. «Jazzean hasi nintzenetik influentzia handia izan da Jarret. Bere soloak transkribatzen nituen, eta beti egin zait oso interesgarria, inprobisaziotan sortzen duen materiala, material  berria dela. Gutxitan jarraritzen du patroi bat, beti sortzen du diskurtso berri bat, eta hor dago bere genialidadea» dio Ruiz de Gordejuelak. Nabarmendu ditu ere Pensilvaniako pianojolearen abiadura, ez abiadura teknikoa, baizik eta ideiak ulertzeko abiadura, «hor nabaritzen da bere handitasuna». 

Koldo Uriarte 17 urterekin hasi zen inprobisatzen eta jazza jotzen. «Jarrett inprobisatzen entzun nuenean lehen aldiz, oso erakargarri egin zitzaidan» dio. Pianista estatubatuarraren inprobisatzeko era oso espresiboa iruditu zitzaion, «nahiz eta tradizioaren lengoaia errespetatu, musika klasikotik ere influentzia zeukan» eta horrek guztiak  eta bere pertsonalitatea izan ziren Uriarterentzat erakargarrienak. «Bere musikarekin pilo bat konektatu nuen entzun nuen lehen alditik. 'Köln Concert' milaka aldiz entzun nuen eta piano soloa inprobisatua esan zidatenean, ezin nuen sinetsi! Nola inprobisa daiteke hain musika perfektua?».

 

 

Jaurlaritza Logoa