Live
«Liburua idaztea gure espedizio handi eta gogor bat baino askoz zailagoa izan da»
Eneko (Gasteiz, 1974) eta Iker Pou (Gasteiz, 1977) eskalatzaile arabarrek beraien bizipenetatik osatutako liburua argitaratu berri dute. Pandemiak etxean denbora gehiago eramatera derrigortu dituzte eta tarte hori aprobetxatu dute duela zenbait urtetatik buruan zeukaten «bizi-helburua» betetzeko.
Eneko Pou, "Aupa Pou. Bizitzari sokaz lotuta" liburua argitaratu berritan
«Abenturazko liburu bat da eta beraz, uste dugu jende guztiarentzat aproposa izan daitekeela». Halaxe aurkeztu du "Aupa Pou. Bizitzari sokaz lotuta" liburua Eneko Pou eskalatzaileak NAIZ Irratian. Bere anaia Ikerrekin batera idatzitako liburua da, Pou anaien esperientziak batzen dituena, alegia.
«Urte asko generamatzan liburu bat egitearen atzetik eta inoiz ez genuen momentua ikusten, gehienbat guk aktibitate asko egiten dugulako. Mendi asko, bidai asko, espedizio asko… Liburua prest geneukanean beti ateratzen zen beste espedizio bat liburuan tartetxoa merezi zuena. Pandemia honen alde positibo bakarra izan da denbora gehiago izan dugula, etxean egon garelako askoz denbora gehiago eta lortu dugu liburua bukatzea», azaldu du Eneko Pou mendizaleak.
Liburua edozein liburu dendetan eskuratu daiteke, hala nola Elkarren webgunearen bitartez ere. Udazkenean, liburuaren izenburuarekin lotuta zenbait emanaldien bira bat egiteko asmoa erakutsi du.
Duela hilabete batzuk aurreratu zenuten liburua prestatzen zenbiltzatela, Durangoko Azokan ateratzeko asmoa edo zeneukatela. Azkenean, luzatu egin da, ezta?
Bai, azkenean luzatu egin da. Saiatu ginen pasa den abenduan ateratzen baina ikusi genuen Durangoko Azoka modu birtualean ospatu behar zela eta epe horretara iristeko azkar joan behar ginenez, ba pentsatu genuen denbora gehiago hartzea gauzak ondo bukatzeko. Hala, Kataluniako Sant Jordira begira jarri ginen. Azkenean ailegatu gara.
Zenbat denbora behar izan duzue?
Ba ez dakit… Duela hamabost urtetik idazten gabiltza. Hartu dugu nahiko lasai, aspaldiko kontua da baina azkenengo txanpa agian izan da bi urtekoa edo. Gure espedizio handi eta gogor bat baino askoz zailagoa izan da.
Zer egin zaizue hain gogorra?
Pentsatu behar da gu ez garela idazle profesionalak. Liburu bat idaztea oso zaila da. Gauza asko sartu nahi genituen eta trinkotu behar izan dugu liburua. Buruko min dezente eman digu kanpoan zer utzi erabakitzeak. Bestalde, liburu bat idaztea ez da laneko kontu bat eta beste hainbat kontuetatik denbora atera behar izan dugu liburua egiteko. Egon gara goizeko 5etan esnatzen liburua idazteko eta ez da erraza.
Ordu asko proiektu paralelo horri tartea egiteko, ezta?
Bai, baina esan behar da bizitzako helburu bat dela. Hori horrela, oso pozik geratzen zara liburua argitaratzerakoan. Ez da negozio bat, da barnetik datorren zerbait, bizi-helburu bat da eta ikusten duzunean gai zarela horrelako helburu handi bat aurrera ateratzen, oso pozik geratzen zara.
Ez gara idazle profesionalak eta literatura aldetik ez da oso aberatsa baina beste aldetik, liburua freskoagoa da, zuzenagoa, dibertigarriagoa…
Liburua idazterako orduan laguntzarik izan duzue?
Guk idatzi dugu liburua bere osotasunean. Lehenengo hitzetik azkenera arte. Komentatzen genuena, ez gara idazle profesionalak eta literatura aldetik ez da oso aberatsa baina beste aldetik, liburua freskoagoa da, zuzenagoa, dibertigarriagoa…
Zuen proiektuez harago, kutsu pertsonalagoa dauka liburuak? Zuen bizipenak, eskalada ulertzeko modua…
Bai. Hausnarketa asko ditu liburuak. Ez dakit gehiegi duen edo ez (barrezka). Guk beti pentsatu izan dugu bizitzen ari garen momentu hau, gizarteak islatzen dituen baloreak gehienetan ez zaizkigula gustatzen. Mendiko baloreak oso garrantzitsuak direla pentsatzen dugu, oso balore politak dauzkalako. Nahi genuen balore guzti horiek, modu batean edo bestean, idatzita geratzea. Beti hitz egiten ari gara balore horietaz gure emanaldi edo sare sozialetan, baina idatzita uztea ondaren bat uztea bezala da.
Zuen ibilbidea oso luzea izan arren, zuen lehen liburua da.
Bai. 7 Pareta 7 Kontinente egin genituenean nahi genuen liburu bat argitaratu baina ezinezkoa izan zen momentu horretan. Beti gaude aktibitateak egiten eta ez genuen tarterik bilatu. Urtero bidaia asko egiten ditugu eta benetan mendian dagoen jendea konturatzen da horretaz. Horregatik ez dugu denbora izan lehenago liburua ateratzeko. Ziur gaude hemendik aurrera denbora gehiago eskainiko diogula, eta nahiz eta oraindik beldurtuta egon lehenengo liburu honek eskatu digun lanarekin, bigarren liburu bat ateratzen saiatuko gara.
Gustora geratu zarete emaitzarekin?
Bai, oso gustora geratu gara. Gainera, lortu dugu bai euskaraz bai gazteleraz argitaratzea. Euskaraz ateratzea guretzako oso garrantzitsua zen. Negozio aldetik ez dago negoziorik, baina bai Elkarreko Sua Edizioak eta baita guk ere guk nahi genuen euskaraz ateratzea. Bi hizkuntzatan ateratzea oso polita izan da. Orain gaude buru belarri lanean italiarrez, frantsesez, alemaniarrez eta ingelesez ateratzeko. Ezagunak gara nazioartean eta guretzako herrialde guzti horietara ailegatzea oso polita litzateke.
Gure ezaugarririk nagusiena da oso talde ona egiten dugula, ez daukagu lehiakortasun handirik gure artean, bai dauzkagu iritzi ezberdinak baina beti lortu izan ditugu horiek helburu bati begira jartzea
Liburua idazteko orduan Iker eta zuk nahiko adostasun izan duzue edo anaien arteko eztabaidarik izan da prozesuan?
Anaien arteko eztabaidak beti daude. Hau da mendia bezala. Gure ezaugarririk nagusiena da oso talde ona egiten dugula, ez daukagu lehiakortasun handirik gure artean, bai dauzkagu iritzi ezberdinak baina beti lortu izan ditugu horiek helburu bati begira jartzea. Eta kasu honetan berdina izan da. Ikerren ezaugarriak eta nireak batu ditugu liburua aurrera atera ahal izateko.
Aurrera begira baduzue beste proiektu potolorik?
Bai, proiektuak badaude baina ez dago erraz. Saiatuko gara udara honetan Himalaiara edo Andeetara hurbiltzen, behar dugulako apur bat ateratzea bai emozionalki eta baita lanari dagokionez ere. Gure lana hau da eta saiatu behar gara ateratzen.