Live
Euskarak eta naturaren balioek duten loturaz ikerlana egin dute Unai Pascual eta Dylan Inglis ikerlariek. ‘People and Nature’ aldizkarian argitaratu dute azterlana eta jasotako erantzunarekin «pozik» mintzatu zaigu Inglis.
Euskara eta Euskal Herriko baso eskualde bat aukeratu zuten. Euskal pirinioetan izan ziren, Luzaiden, Garazi ibarrean, Zuberoako Arbailetan eta Basaburuan; baita Zaraitzun eta Aezkoan ere.
Jakina da bizi garen inguruneak kulturan eta izateko moduan eraigina duela. Baina hor azentua jarri ordez, naturaren balioetan sakondu dute. Batetik, «balio instrumentalez», esaterako basoak egurra ematen du, gauza neurgarriak, materiala; bestetik, «berezko balioa, neurtu ezin dena», izpiritual modukoa.
Balio instrumentaletik haratago, harreman balioan zentratu dira: «guk hizkuntza lotu diogu, jendearen hizkuntzarekiko eta naturarekiko balioaz».
Hiru perspektiba bereizi zituzten: «zaintzaileak direnak, naturarekiko harremanetan naturaren zaintza hurrengo belaunaldientzat lehenesten dutenak. Bestea basoarekiko harremana beraien ongizaterako zutenak. Azkenik, hizkuntzarekin lotutakoa dago, kultur identitatea eta lekuarekiko atxikimendua beste balio guztien gainetik jartzen duena».
Basoarekin egin moduan, naturako beste elementu eta ingurune batzuekin azterketak egiteko asmoa dute, kostaldea edo mendialdea kasu.