Live

Ion GARATE

Itzuliaren balorazio nahiko positiboa egin du Ion Izagirrek

Duela egun gutxi amaitu zen EHko Itzulia Rogilcen garaipenarekin. Euskaldun ugari izan zen lehian eta ikuskizun polita eman zuten gainera etxeko txirrindulariek. Horien artean, Astana taldeko Ion Izagirre, etapa garaipena lortu zuena Hondarribian. «Balorazio nahiko positiboa» egin du NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

Itzuliaren balorazio nahiko positiboa egin du Ion Izagirrek

Loading player...
Ion Izagirreren etapa garaipena Hondarribiako helmugan. / (EFE)
Ion Izagirreren etapa garaipena Hondarribiako helmugan. / (EFE)

2021eko EHko Itzulia amaituta Primoz Roglic izan da aurtengoan garaile. Euskaldunek ikuskizun bikaina eman dute etxeko lasterketarik garrantzitsuenean eta tartean bi euskal txirrindulariren etapa garaipenak izan ditugu, biak Astana taldekoak: Alex Aranburu eta Ion Izagirre. Hain zuzen, ormaiztegiarra izan da NAIZ Irratian, eta «balorazio nahiko positiboa» egin du Itzuliari begira.

Hasiera batean, sailkapen nagusian «podiumean sartzea» helburu zuen arren, Izagirre pozik da lortutako 10. postuarekin eta batez ere etapa garaipenarekin. Itzuliko lehen egunean, Bilbon eginiko erlojupekoan, denbora asko galdu zuela aitortu du ormaiztegiarrak, «minutu eta 10 segundo galtzea kolpe gogorra» izan zela aitortu du, «baina buelta ematea lortu genuen eta etapa garaipena pozgarria da».

Hondarribian helmuga izan zuen laugarren etapa horretan, Izagirrek hasiera batean Pello Bilbao garaile izan zela uste zuen, berak hala aitortuta. Ondoren jakin zuen bera izan zela garaile. «Hasieran tristura eta gero poza etorri zitzaidan», gaineratu du Astana taldeko txirrindulariak.

Esan bezala, Izagirreren taldekidea den Alex Aranburuk ere etapa garaipena lortu zuen, kasu honetan Sestaon, eta etapa garaipen gehiago lortzeko saiakeran ere aritu zen Astana taldea, batez ere Alex Aranburu eta Omar Frailerekin. «Talde bezala emaitza oso ona lortu dugu, itzuli batean bi etapa garaipen lortzea ez da erraza», nabarmendu du ormaiztegiarrak.

Bestetik, uste baina zaletu gehiago ikusi dituela aitortu du Izagirrek. «Alde batetik polita da, baina badakigu zein egoeratan gauden eta zentzuz jokatu beharra dago», gaineratu du ormaiztegikoak. Aurrera begira, orain atsedentxo bat hartu eta Romandiako Itzulian hartuko du parte hurrena. Hiru Itzuli handiei dagokionez, Frantziako Tourra korritzea da asmoa.

Jaurlaritza Logoa