Live
«Momentu historiko hauek ere baliatu behar dira Euskal Herri bat badagoela esateko»
"Herri bat batera" ekimena abiatu du "Gu ere bai" dinamikak apirilean Euskal Herrian izango ditugun kirol hitzordu garrantzitsuak sustatu asmoz. Dinamikaren kide den Patxi Gaztelumendik azaldu ditu nondik norako nagusiak NAIZ Irratian.
«Momentu historiko hauek ere baliatu behar dira Euskal Herri bat badagoela esateko»
«Jendea ikurrinak balkoietan jartzera animatu nahiko nuke, euskal taldeak animatzera bai finaletan eta baita beste egoeretan ere», nabarmendu du Patxi Gaztelumendik NAIZ Irratian emandako elkarrizketan. Realaren eta Athleticen arteko Kopako finala gertu dago, baina "Gu ere bai" dinamikako kideak argi dauka euskal kirolaren «ekosistema» behetik zaindu behar dela eta, horregatik, gizarteari dei egiten dio klub txikietan laguntza eskaintzeko. Izan ere, pandemiak krisi egoera latza ekarri du: «Dena ez da izarrez beteriko kirola, euskal kirola ekosistema aberatsa da eta zaindu beharra dago».
Realaren eta Athleticen arteko finala gertu daukagu baina, horrez gain, apirilean beste hainbat kirol hitzordu edukiko ditugu gurean. Horregatik, «Herri bat batera» ekimena jarri duzue martxan. Zertan datza?
Herri bat garela adierazi nahi dugu, herri bat garela eta batera egotea nahi dugula. Final historiko hori daukagu, bi afizio egongo dira bertan, baina atzean herri bat izango da. Athletic eta Realeko zaleen gain, beste zale askok ere desiratuko dute euskal final horrek ahalik eta oihartzun handiena izatea. Futbolak protagonismoa izango du astean zehar, baina adierazi nahi dugu euskal kirola bera izango dela protagonista. Euskal Herriko Itzulia ere edukiko dugu.
Zeintzuk dira sustatu dituzuen ekimenak?
Herri bat garela erakuste horretan, balkoietan ikurrinak astintze horrekin euskal kirolak Euskal Herritik mundura jauzi egin behar duela aldarrikatu nahi dugu. Maila handia dago edozein kiroletan eta nazioartekotze horretan pausoak eman nahi ditugu. Futbol Ligan eta, zehazki, Kopa honetan, kontua ez da soilik nork irabaziko duen: atzean dagoen herriaren eskubideak ere jokoan daude. Kirol mailan selekzio ezberdinak ofizialak izateko aldarria dago. Ofizialtasuna ez da partida horretan jokatzen, baina euskal kirolean dagoen auzi garrantzitsua da eta Futbol Federazioak hori du helburu nagusietako bat. Guk finala baliatu nahi dugu herri batu bat agerrarazteko, Euskal Herritik mundura jauzi egiteko.
Kopa honetan kontua ez da soilik nork irabaziko duen, baizik eta atzean dagoen herri horren eskubideak ere jokoan daude
Giroa berotzeko Wikiderbia ere jarri duzue martxan.
Bai, Euskal Wikipediaren eskaera izan da. Edukiak berritzea eta ondarea berreskuratzea da helburuetako bat. Helburua da ahalik eta eduki gehien jasotzea Athleticen eta Realaren inguruan; oraingoz, 125-81 dago markagailua Athleticen alde. Azken egunetan, hori bai, Realarekin lotutako edukien areagotze bat egon da. Denetariko edukiak igo daitezke. Edukien byteak kontatzen dira markagailua eguneratzerako orduan. Lagunarteko kontua da, baina, era berean, ohartarazi nahi da kirola kontatu egin behar dela. Euskaraz igotzen dugun datu bakoitza, izan data bat edo dena delakoa, beste hizkuntza guztietan ere ikusiko da. Edukien nazioartekotze automatiko hori ahalbidetzen digu Wikipediak eta uste dugu kirol eremutik ere ekarpen asko egin daitezkeela.
Euskal zaleen festa handia da finala, baina egia da ere batzuetan gehiegi erortzen garela probintzialismoan. Zuen ekimena «Herri bat gara» izanik, zein da zuen mezua horren inguruan?
Guk kezkaz hartzen dugu probintzialismoa. Batetik, ikurrina ekidin nahi duen joera bat dago. Ikurrinak batzen gaituen arren, batzuek euren taldera gehiago mugatu nahi izaten dute. Zelaian arerio eta lagun diren jokalariengan nolabaiteko amorrua pizteko nahi bat dago, etsai bat sortzeko nahia; ez dute atzean proiektu bat dagoela ikusi nahi. Baina gehiengoa gara euskal selekzioak ikusi nahi ditugunak eta derbietan eta edozein kirol probetan hori erakutsi nahi dugunak, ikurrina astinduz, gure hizkuntza erabiliz, gure kirola bultzatuz. Momentu historiko hauek ere baliatu behar dira Euskal Herri bat badagoela erakusteko. Uste dugu badagokigula Euskal Herria aintzat hartzen dugunoi horren gaineko kezka hartzea; kirola oso esparru garrantzitsua da sozialki, ekonomikoki, politikoki, kulturalki… Horren guztiaren gogoeta eginez abiatzen ditugu ekimenak. Horretarako sortu zen "Gu ere bai", euskal kirolarien eskubideak aldarrikatzeko.
Bideo jokoen arloko finala ere izango dugu, Euskal Herriko Itzulia, Athleticek bigarren final bat jokatuko du Bartzelonaren aurka… Ofizialtasunaren alde egiteko aukera aproposa da, ezta?
Ezbairik gabe. Horrela adierazten dugu eta horrek sortzen du giroa. Twitterren botatzen dugun txio bakoitzean, sare sozialetan elkarbanatzen diren irudietan, balkoietan ikusten ditugun ikurrinetan... islatzen da hori. Taupada horiek baliatu behar dira esprint bat jokatzeko, 2021 hau esprint bat delakoan baikaude. Estrategia argitu da: berotzen egon gara denbora askoan eta, orain, izan bideo jokoetan, izan bulegoetan, izan kalean, horren alde egin behar dugu. Herri baten nahia dago atzean. Euskal selekzioa aspaldian sortu zen futbolean, 1918an dagoeneko jokatu zuen, gerra garaian ere Europa guztian eta Ameriketan ibili zen. Kontatzen da, gainera, Sobietar Batasunaren aurka jokatutako partidaren ondotik piztu zela bertan futbol zaletasuna… Baditugu mugarri historikoak eta gure herriari kontatu behar dizkiogu. Lehiatzeko zer aukera ditugun ere ikusi behar dugu, zelaian gaudenean aukera asko baititugu. Euskal kirolariak animatu eta gure aldarrikapenak sozializatzeko baliatu behar ditugu proba hauek guztiak.
Euskadiko Futbol Federazioan hauteskundeak izan direnean bi hautagaien giltzarrietako bat izan da ofizialtasunarena, inoiz ez bezala
Amaitzeko, Euskadiko Futbol Federazioak UEFAko eta FIFAko kide izateko eskaera egin zuen orain dela gutxi. Orain, Javier Landeta da presidente berria eta Espainiako Futbol Federaziotik datozen erantzunak ez dira oso positiboak. Nola ikusten duzue kontua?
Bi kontu azpimarratuko nituzke. Bat, Euskadiko Futbol Federazioan hauteskundeak izan direnean bi hautagaien giltzarrietako bat izan da ofizialtasunarena, inoiz ez bezala. Federazioa ez da hain zaharra, baina lehen aldia da gaia hain argi mahai gainean jarri dena. Hori positiboa iruditzen zaigu. Ordua da eta, gainera, egutegian ezarrita dago urtebeteko epean heldu behar zaiola gaiari. Poztekoa da ere Eusko Jaurlaritza, Federazioa, eta klubak norabide berean doazela ikustea.
Esan behar da selekzio batzuk ofizialak direla dagoeneko, lehiatzen ari direla nazioarteko probetan eta, beharbada, hor jarri beharko genuke arreta. Era berean, futbolaren auzia beste kirol batzuetara ere emango da, kirolariek beraiek hori aldarrikatzen dutelako. Espainiako Kongresuko diputatu batek bere jarrera aldatu berri du egon daitezkeen akordioei buruz; bada, horrek erakusten du goi mailako afera dela. Hori bai, beheko mailetatik ere, herritik, bultza egin behar dugu. Guztion ardura da eta guztion indarrarekin ondo erakutsiko dugu batutako herri bat zer egiteko gai den. Gure asmo edo helburua, Euskal Herritik mundura euskal kirola erakustea, gero eta errealitate ikusgarriagoa izango da.