Live
Pozarren jaso zuen Unai Elorriagak Loraldiaren aurtengo edizioa itxiko duen ikuskizuna idazteko eskaera. Mandatua, gai eta guzti zetorren, etorkizuna izan behar zuen ardatz.
Ez da Unai Elorriagaren joera bere idazlanetan aurrera begirako ariketa hori egitea, eta hasieran izan zituen bere duda-mudak, baina "konfort-gune"-tik atera, eta heldu zion erronkari. Emaitza testu bitxi bat da, idazlearen beraren hitzetan.
Gerora jo du, oso gerora, 5540. urtera, iragarritakoetan asmatzen ez badu ere, erreklamaziorik jasoko ez duen lasaitasunarekin! Mundua gainpopulatuta dago, gizakiak erlauntzetan sartuta bezala bizi gara, baina bada erle bakarti bat, jendartetik at bizi dena, liburutegi bikain bat duen aparteko etxe batean. Hortik aurrerakoak jakiteko martxoaren 28an Bilboko Guggenheim Museora gerturatu behar. Testu literario hau oinarri hartuta, Unai Elorriagak bi bertsolari, Jone Uria eta Oihana Iguaran, izango ditu lagun oholtza gainean, Joseba Santxok gidatuko ditu inprobisazioak eta soinu banda jartzeaz Fernando Velazquez arduratuko da.
Sorpresaz betatako emanaldia izango da, baita sorztaileentzat eurentzat ere, entsegurik ez baitute egin, beraz estreinaldia benetako estreinaldia izango da. Hitzordua martxoaren 28an eguerdiko 12:30tan da Bilboko Guggenheim Museoan.