Live

Garazi Lasa

‘Aurpegia biluztu’ kantuarekin albiste berriak iragarri ditu Katez talde leitzarrak

Leitzako Katez taldeak kaleratu berri du ‘Aurpegia biluztu’ kantuaren bideoklipa. Urte honetan argitaratuko duten ‘Argiz iluntzen’ diskoaren bigarren aurrerapen abestia da. Metalcore melodiko estiloan ibiltzen dira Katez taldeko osatzen duten sei musikariak.

‘Aurpegia biluztu’ abestiaren bideoklipa kaleratu du Katez talde leitzarrak. Aurten argitaratuko duten ‘Argiz iluntzen’ diskoaren abestietako bat. Bideoklip formatuan kaleratzen joango dira diskoko abesti batzuk. Lehenengoa, ‘Argiz Iluntzen’, 2020ko azaroa amaieran argitaratu zen eta duela egun gutxi kaleratutako ’Aurpegia Biluztu’ da bigarrena. Azken honetan, Ander Azurmendi antzezlearen eta Jon Corres irudi arduradunaren laguntza izan dute ikus-entzunezkoa aurrera ateratzeko. Soinuaren arduradun Fran Pérez izan da Itxura Records estudioan, eta, horrez gainera, Jonan Ordorika eta Javier Arteagarekin batera aritu da masterizazio lanetan. Disko berriaren aurkezpena eta bira 2021ean egitea aurreikusten dute.

2014ean sortu zen sei lagunez osatutako banda. Seikotea leitzarra da eta broma gisa hasi baziren ere, azkenerako forma eman eta Katez taldea sortu zuten. Euskaraz egiten dituzte abestiak eta naturala den moduan kantatzearen aldarrikapena dela diote: «Euskaraz sortu eta jardutea naturala bezainbeste da aldarrikapena, azken finean egiten gaituenaren parte baita».

Metalcore melodiko estiloan ibiltzen dira beren lanetan, eta, diskoen artean desberdintasunak egon arren, esentzia mantentzen jarraitzen dute. Hala ere, aurretik egin dutenarekin «inolaz ere alderatu ezin dena» bezala definitzen dute 2021ean estreinatuko duten ‘Argiz Iluntzen’ diskoa.

2018. urtetik daramate lanean hirugarren disko honetan. 2020ko otsailean hasi ziren grabaketak eta uztailera arte iraun zuten. Fran Pérezek, Jonan Ordorikak eta Javier Arteagak masterizatua eta Eneko Celestinok ekoiztutako soinu digitala duen «maila altuagoko diskoa» dela diote.

Lan honen aurretik 2015ean ‘Begi itsuak’ eta 2017an ‘Zain’ diskoak argitaratu zituzten. Lehenengoan, akorde zorrotz, melodia zuzen eta oihu gordinak egiteko aukera izan zuten zuzenekoetan. Bi sari ere lortu zituzten lan horrekin: Iruñerriko taldeen IV. Musika lehiaketa eta Gazteako Maketa Lehiaketan entzuleen saria. Bigarren sari horrek ‘Zain’ diskoa ateratzeko laguntza eman zien. Akorde eta ahots landuagoak eta soinu digitalak gehitutako diskoa izan zen ‘Zain’.

Zuzenekoak dira taldearen ustetan beren alderdirik onena, detaile guztiak hartzen baitituzte kontuan. Baina diskoaren aurkezpena eta bira itxaron beharko dira hori horrela dela ikusteko.

Jaurlaritza Logoa