Live

‘Orbela’ kantu berria aurkezten izan dira EraBatera taldekoak MusikHaria irratsaioan

Gaizka Salazar eta Jurgi Ekiza taldekideek aurreratu dutenez, martxoaren 4an etorriko da Gernikako taldearen lan berria, ‘Izpi galdua’ deiturikoa. Kantu honetarako, ordea, kolaborazio oso berezia izan dute; Delirium Tremens taldeko Andoni Basterretxearekin izan dira elkarlanean.

Audio_placeholder

‘Orbela’ kantu berria aurkezten izan dira EraBatera taldekoak MusikHaria irratsaioan

Loading player...

Duela bi urte pasatxo agertu zen eszenan EraBatera taldea ‘Antipodetan’ diskoarekin. Mikel Caballero, Jurgi Ekiza, Gaizka Salazar eta Beñat Serna dira taldea osatzen dutenak; Gatibu, Ken Zazpi edota Willis Drummond taldeetatik ezagun ditugunak. 2020ko udaberrian itxaropenari egindako kantu batekin agertu ziren, ‘Amets egin’ deiturikoa eta uda horretan estudiora sartzekoak zirela kontatu zigun Ekizak MusikHaria saioan.

Urte berria hasi eta gutxira etorri da ‘Orbela’ kantua eta gauza asko aurreratu dizkigute kantuarekin batera. ‘Izpi galdua’ izeneko diskoa martxoaren 4an kaleratuko dutela kontatzeaz gainera, kontzertu batzuk ere lotuta dituztela iragarri baitute Salazarrek eta Ekizak. Baina, horrez gainera, kantuan izan duten kolaborazio berezia nondik eta nora sortu den ere kontatu digute MusikHaria saiora egindako bisitan.

Andoni Basterretxea, Delirium Tremens taldeko abeslari izandakoa, entzun eta ikusi ahal izan dugu ‘Orbela’ kantuan abesten. Nondik eta nora sortu zen ideia galdetuta, Salazarrek argi utzi bera izan zela burutazio hori izan zuena: «Egia esanda ezezkoa hor geneukan eta esperantza handirik gabe jo nuen Andoniren atea jotzera. Zintzoki sortutako kolaborazio bat izan da, bera kantu honetan izatea nahi nuelako eta baiezkoa eman zigun, bai guztiari esan zigun gainera». Ekizak ere umorez gogoratu du «hau ordainduko didazue» esan ziela kontatu diguten unean.

Doinu argitsuak ekarri dizkigute eta mezu baikorrez bustita dator ‘Orbela’ ere, aurretik ‘Amets egin’ kantuarekin gertatu moduan. «Oztopoak oztopo diskoa grabatzea lortu dugu eta laster kontzertu batzuk emateko moduan ere izango gara. Martxoaren 4an kaleratuko dugu lan berria», kontatu digute EraBatera taldekoek.

Arriguri ekoiztetxekoekin grabatu dute bideoklipa eta emaitzarekin «oso pozik» agertu dira EraBaterako kideak: «Aurretik ere haiekin egin ditugu bideoklipak eta egia esanda konfiantza osoa daukagu jarrita berengan. Ziur aurrerago ere elkarlanean jarraituko dugula».

Jaurlaritza Logoa