Live
Goienerreko Alazne Arruti hurbildu da 'Gelditu Makinak' saiora eta harekin hitz egin dugu energia autokontsumoaren garrantziaz, deszentralizazioaz eta baita komunitate energetikoen inguruan ere. Gaur egun, Euskal Herrian kontsumitzen den energiaren %90 kanpotik dator, ez al litzateke jasangarriagoa hemen bertan sortutako energia kontsumitzea? Baliabide nahikoa dugu horretarako?
Energia autokontsumoaren apologia garbia egiten du 'Gelditu Makinak' saioan Goiener Energia Berreiztagarrien Sorkuntza eta Kontsumo Kooperatibako kide Alazne Arrutik. Hala ere, horren zergatia azaldu aitzin, argi esan du: «garrantzitsua da hau jakitea: energia garbiena kontsumitzen ez dena da». Behin hori esanda, nabarmendu du egun menpekotasun handia dugula energiarekiko, eta horren aurrean har dezakegun erabakirik onena dela gure energia sorkuntza puntu propioak sortzea. Egungo eredua oso zentralizatua egoteaz gain, sorkuntza puntuak urrun daude, «garraioan galera asko daude, eta ez da efektiboa».
'Nork berak sortu, nork berak kontsumitzeko' eredua indibidualistaegia ez ote den galdetuta, Arrutik dio autokontsumo partekatua ere eraman daitekela aurrera, instalazio kolektibo batekin, adibidez. «Sorkuntza sistema bakarretik bizilagun guztiak elikatuko lirateke» dio. Horren adibide dira ere «komunitate energetikoak». Europar Batasunetik datorren kontzeptu berria da eta oraindik ez du forma juridikorik hartu Espainiako estatuan. Baina Goienerren lanean ari dira jada horretan.
Prozesu parte hartzaile baten bitartez, komunitate bati onurak bilatzea du helburu Komunitate Energetikoak. Onura ingurumenarekiko, onura sozialak eta ekonomikoak «baina noski, irabazi asmorik gabeko prozesuak dira» ohartarazi du Arrutik. Bi mota bereizten dira, lehena, tokiko energia komunitatea edo komunikate lokala; bigarrena komunitate energetiko berreiztagarria.