Live
Flainen (Frantzia) izan du hirugarren geltokia mendiko eskiko Munduko Kopak. Bertan izan ziren lehian Euskal Selekzioko Nahia Quincoces eta Iñigo Martinez de Albornoz. Ostiralean, banakakoa jokatu zuten eta larunbatean, berriz, sprint modalitatearen txanda izan zen. Quincocesek eta Martinez de Albornozen bigarren proba izan zen Munduko Kopan. Hain zuzen, NAIZ irratian izan dugu Nahia Quincoces Euskal Selekzioko eskiatzailea.
Esan bezala, ostiralean jokatu zen banakakoa Munduko Kopako hirugarren jardunaldiari ekiteko. Emakumezkoen kasuan, 1600 metroko desnibel positiboa egin behar izan zuten, eta denetan azkarrena, Axelle Gachett frantziarra izan zen. Nahia Quincocesek, bere espezialitatea den modalitatean, hogeigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Gehiago espero zuela onartu du, «baina ez nuen oso gorputzaldi ona izan», gaineratu du mendexarrak. Bestetik, gizonezkoen kasuan, 1820 metroko desnibelari egin behar izan zioten aurre, eta Iñigo Martinez de Albornozek bertan behera utzi zuen lasterketa. Matteo Eydallin italiarra izan zen garaile.
Larunbatean aldiz, sprinten eguna izan zen. Martinez de Albornozek 10. postua lortu zuen bere espezialitatea den modalitatean. Nahia Quincoces 18. izan zen. «Sprintean espero baina hobeto ibili nintzen», nabarmendu du Quincocesek. Garaileak, gizonezkoetan Oriol Cardona kataluniarra eta emakumezkoetan Marianne Fatton suitzarra izan ziren.
Elurren kondizioei dagokionez, mendexarrak azaldu du «Pirineoetan ohikoagoak diren kondizioak» izan zituztela. Euriaren ondorioz, «elurra nahiko hezea» zegoela adierazi du, baina gauean eginiko hotzari esker zertxobait hobetu zela.
Hurrengo hitzordua
Datorren hitzordua, Munduko Kopako laugarren proba, otsailaren 20an eta 21an jokatuko da Italian, Marteleko estazioan jokatuko den Marmotta Tropy proban. Quincocesek bertan egotea espero duela azaldu du, baina oraindik «deialdiaren zain» dagoela. Mundialetan behintzat egongo dela ziurtatu du mendexarrak.