Live

Naiz Irratia

Arkaitz Rodriguez:«Duela 10 urtekoa izugarrizko muntaia izan bazen, pentsa oraingoa»

Sortuko bozeramale eta Bateragune auziko inputatu Arkaitz Rodriguez Naiz Irratian izan da. Adierazi du eskandalagarria dela Gorenaren erabakia, eta argi dagoela duela 40 urte frankismoarekin apurtu ez zuten haiei ez zaiela gustatzen ezker subiranotasuna lortzen ari den indarra.

Audio_placeholder

Arkaitz Rodriguez:«Duela 10 urtekoa izugarrizko muntaia izan bazen, pentsa oraingoa»

Loading player...
Miren Zabaleta, Arkaitz Rodríguez, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto eta Rafa Díez. (Maialen ANDRES / FOKU)
Miren Zabaleta, Arkaitz Rodríguez, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto eta Rafa Díez. (Maialen ANDRES / FOKU)

Gaur zortzi, pasa den astelehenean harridura eragin zuen albistea iritsi zen espainiako Auzitegi Gorenetik: Bateragune auzia berriz egiteko agindua luzatu zuen Auzitegi Gorenak. Arkaitz Rodriguez, Sortuko bozeramale eta Bateragune auziko inputatua Informazioaren Harian izan da eta adierazi du eskandalagarria dela Gorenaren erabakia. «Duela 10 urteko prozesua muntaia izan bazen, pentsa oraingoa».

Auzitegi Gorenak aho batez hartu du erabakia. Rodriguezek horren inguruan dio arrazoi ezberdinak egon daitezkeela horren atzean, baina horietako bat «ezker subiranista hartzen ari den indarra» dela. «Estatuko botere ezberdinei, batez ere duela 40 urte frankismoarekin apurtu ez zuten haiei, ez zaie gustatzen ezker subiranotasuna lortzen ari den indarra». Gaineratu du norabide oso konkretu batean ari direla lanean, Pedro Sanchez eta Pablo Iglesiasen gobernu hori iraunkortzeko bidean eta hori ez zaiela batere gustatzen «78ko erregimenari eustea helburu duten sektoreei».

Kontuan hartzeko erreakzioak

Bateragune auzia berriz epaitzearen aginduak erreakzio soka luzea ekarri du. Horien artean bat Baltasar Garzon epailearena. Rodriguezentzat, Garzonek berak ere erabakia ez dela bidezkoa esan izanak gauza bat uzten du agerian: «Erabaki honen eskandalua eta despropositua». Jose Luis Rodriguez Zapaterok ere antzera hitz egin du, adieraziz Bateragune auzikoek duela 10 urte esandakoak egiak zirela. Bide horretan, Sortuko bozeramaleak adierazi du erreakzio batzuk faltan bota dituela, besteak beste, Urkullu lehendakariarena. «Faltan bota dut halako keinu bat izan ez izana».

Aurrera begira, etor daitekeenaren aurrean Arkaitz Rodriguezek adierazi du hasi direla egoera baloratzen. «Espainian jakin badakigu zein aukera gutxi dauden judizialki deus egiteko». Gorenaren aldetik ere, «asmo argia nabari dute eurak berriro esertzeko eta kondenatzeko». Ziur dio, ordea, zerbait egingo dutela, eta Europara jotzeko asmoa ere badutela. «Azken batean ez da gure aurkako eraso bat bakarrik. Hau demokraziaren eta zuzenbide estatuaren kontrako eraso bat da». Kontua ez dagoela amaituta nabarmendu du eta «honek balioko du, orain arte bezala, frogatzeko Espainiar Estatuan ez dagoela demokraziarik; justiziarik ez badago, nekez egongo da horrelakorik».

Jaurlaritza Logoa