Live

NAIZ

Twitch plataforman euskara eta euskal sortzaileak ikustarazteko ekimena abiatu dute

Zuzeneko emankizunak egiteko Twitch plataforman 34 hizkuntza hautatu daitezke, baina euskara ez dago horien artean. Egoera zuzendu asmoz eskaria sustatu dute euskal bideo-joko zaleek eta helburua 3.000 boto jasotzea da. Euskal sortzaileak ikustarazteko eta euskararen aitortza hori lortzeko emankizun sail luze bat prestatu dute azaroaren 28tik abenduaren 5era, NAIZ Irratiaren babesarekin.

Interneteko plataformarik gehienetan euskal komunitatea izan da euskara horietan txertatzea lortu duena eta erronka orain Twitch erremintan ezarri dute euskal bideo-joko zaleek.

Arrakasta handiko plataforma da Twitch, egunero bi milioi ikusletik gora ditu eta bideo-jokoetan berezitutako online zuzeneko emankizunetarako tresna da. 34 hizkuntza hautatu daitezke emisioa abiatzean, euskara ez dago, ordea, horien artean.

Egoera hori zuzendu asmoz Nebukai erabiltzaile euskaldunak euskara gehitzeko eskaria egin zuen irailaren 15ean plataforman bertan, helburua orain, eskari horrek 3.000 boto jasotzea da. Kataluniarren erreferentzia dute euskal Twitch erabiltzaileek, katalana bai baitago egungo hizkuntza multzo horretan, eskari herritarrez lortu zuten gehitzea, 2.900 boto lortuta.

Zer suposatzen du euskara hor ez egoteak? Ba zuzeneko bat abiatzean hizkuntza hori ezin hautatu ahal izatea; izan ere, stream edo zuzenekoaren hizkuntza hautatzerako orduan ez da euskararen aukera agertzen, ondorioz, ezin da zehaztu euskaraz ari garela, eta ezin dira topatu sarean euskaraz ari direnak, ez behintzat hizkuntzaren aldagaiaren arabera. Euskaraz aritzea zailtzen du, beraz, eta euskaraz ari dena ikusezin bihurtzen du.

Eskaria babesteko aski da Twitch plataformako kontu bat izatea eta irisgarritasun atalean ezarri duten eskariaren aldeko botoa ematea (hemen).

#3000TwiTZ

Ekimenari indarra emateko maratoi luzea antolatu dute sustatzaileek azaroaren amaieran hasita eta NAIZ Irratiaren babesarekin. Azaroaren 28tik abenduaren 4a egunero emisio bat eskainiko dute Twitchen eta abenduaren 5ean 24 orduko maratoi berezi bat antolatu dute.

Azaroaren 29tik abenduaren 4 arteko emanaldiak 16.00etatik gauerdia bitarte izango dira, egunero ia zortzi orduko eskaintza osatuz. Denak ez dira bideo-jokoei loturikoak soilik izango, halakorik ere izango den arren. Adibidez, abenduaren 4an, 16.00etatik 18.00tara, NAIZ Irratiko Bigarren Kafe berezia eskainiko da ekimen honen baitan.

Erronkari azken bultzada emateko, edo kasurik onenean 3.000ko langa hori igaro dela ospatzeko, 24 orduko maratoia izango da abenduaren 5ean, larunbatarekin.

Jaurlaritza Logoa