Live
2020an abiatutako 'Etxeko Uzta' podcastaren adar bat da 'Pandemoniyua'. Elkarrizketa sorta zabal bat. Gure herriko sortzaileekin arituko gara solasean, pandemiak haien bizitzara eta lanetara ekarri duena ezagutu eta hausnartzeko. Leire Urbeltz ilustratzailea gonbidatu dugu gurera.
PCRan positibo eman du Leire Urbeltzek, hori bai : «zorionez asintomatikoa naiz». Beraz, tokatu zaio etxean nahi baino gehiago konfinatuta egotea. Pandemia honek bere lanean eta inguruan izandako ondorioen inguruan aritu gara hitz egiten, orokorrean nahiko positibo da nafarra. «Konfinamenduan ikusi da oso bizitza miserablea dugula arterik gabe. Behar ditugu irudiak, musika, filmak.. gizarteari asko diogu eskeintzeko» esan du ilustratzaile Nafarrak.
Hala ere, Urbeltzek argi du: «politikariek ez dute sortzaileen lana ezagutzen. Ez dakite nolakoa den artista baten eguneroko bizitza eta ohiko autonomo bat bezala ulertzen gaituzte, baina ez gara». Eta fustrantea da egoera, batez ere kontutan hartuta «eredu nahiko on bat dugula mugaren beste alean. Intermitentziaren aukera, adibidez», dio.
Pandemia honek eragina izan du bere lanean, baina onerako. Hala egiten du berak irakurketa. «Irakaspen onak ikusten dizkiot pandemia honi, gelditzeko beharra zegoen, eta orain momentua da benetan nahi ditugun egiteko». Adibidez, konfimanenduaren ondorioz bertan behera geratu zaizkio Nafarroako ikastetxeetan martxan zituen 30 bitartekaritza proiektu, baina hori ez da arazo, kontrakoa: «hezkuntza proiektu horiek bigarren planora pasa dira orain, eta benetan zentratuko naiz nire bokazioan, dela margotzea». Bitxikeria bat: kalea zapaltzeko grina inoiz baina handiagoa delako akaso, muralgintzan ari da lanean azken aldian Leire Urbeltz.
'Pademoniun' hitzak, grekeraz, deabru guztien bilkura edo aingeru guztien bilkura omen da. Gurean ez ditugu guzti-guztiak izango, baina bai, gure inguruko musikari, sortzaile, deabru eta aingeru lagin anitz bat. 'Pademoniun' hitzaren beste esanahia, nahaspila da, nahaspila eta kaosa...pandemia demonio honek gure herrira eta besteetara ekarri duena.