Live

Ainara Rodriguez / Josu Odriozola

Kezka gaur ateak ireki dituen Ordiziako San Jose egoitzako langileen artean

Joan den ekainaren 19an ateak itxi zituenetik gaur ireki ditu atzera berriz Ordiziako San Jose egoitzak. Ana Mertxan bertako langilea da eta Naiz Irratian nabarmendu du ezjakintasun askorekin ekin behar izan diotela lanari. Kontingentzia plana zabaldu aurreko egunean helarazi zieten eta ia ez dute irakurtzeko astirik ere izan.

Audio_placeholder

Kezka gaur ateak ireki dituen Ordiziako San Jose egoitzako langileen artean

Loading player...

Lanera urriaren 1ean itzultzea zuten aurreikusia Ordiziako San Jose egoitzako langileek. Irailaren 16an ordea ustekabeko dei bat jaso zutela adierazi du Informazioaren Harian Ana Mertxan egoitzako langileak. «Irailaren 23an lanera hasi behar genuela jakinarazi zigun enpresako ordezkari batek». Hori gutxi ez eta jasoko zituzten erabiltzaileak positibo emandakoak izango direla ere adierazi zieten. «Jasoko ditugun erabiltzaile guztiak PCRan positibo emandakoak izango direla jakinarazi ziguten».

Koronabirusean positibo emandako erabiltzaileekin lanean aritzeak kezka sortzen die, Mertxanek azaldu duenez, eta enpresaren aldetik izan duten informazio faltak areagotu egin du kezka hori. «Kontingentzia plana atzo arratsaldeko lauetan jaso genuen». Gaineratu du ez dutela protokolo hori arretaz eta patxadaz irakurtzeko aukerarik ere izan eta zuzenean ELA sindikatuko ordezkari bati igorri diotela hark aztertu dezan.

Egoitzan bertan bi enpresa ezberdinetako langileak daude Eulen eta Kabia enpresetakoak. Mertxanek azaldu du berrogeita hamar langile inguru direla Eulenekoak eta beste hamabi edo Kabiakoak. Orain EPI babes ekipoekin ere zalantzak dituzte. «Enpresa betek EPI bat jarri digu erabiltzeko, besteak beste bat».

Lehen olatu bortitza

Koronabirusaren lehen olatuak oso gogor astindu zuen Ordiziako San Jose egoitza. Hogeita hamalau erabiltzaile hil ziren orduan, 25 PCRan positibo emanda eta beste bederatzi sintomekin. 25 langile ere kutsatu zirela gaineratu du Ana Mertxanek. «Arrazoiak ziur zein diren ez dakigu, baina egoitza hau zaharra da eta igogailu bakarra genuen». Mertxanek dio usteak dituztela erabiltzaileek espazioak konpartitu behar izan zituztenez, han eman zirela kutsatzeak. Orain bigarren igogailu bat jarri diete, baina oraindik ez du bere osotasunean funtzionatzen langile honek azaldu duenez. «Lehen solairuan erabiltzeko giltzak falta dira oraindik».

Langileen egoera ere ez da hobea bere hitzetan. «Lanean hasterako lankide batzuek baja eskatu behar izan dute antsietateagatik». Egoera ikusita, Mertxanek dio enpresari eskatu ziotela gaur ez zitzala ateak ireki, oraindik gauza asko zehazteko eta bukatzeko daudelako. «Ez digute kasurik egin, eta hemen gaude». Azpimarratu du euren sutetan gauzak ondo egin behar direla, eta egoitza oraindik ez irekitzea litzatekeela egokiena.

Jaurlaritza Logoa