Live
Pandemiaren erdi-erdian abiatu zen 'Bigarren Kafea' magazina iaz eta gure konpainia fidela izan ziren itxialdi garaian. Entzun ez ezik, ikusi ere egin genituen. Geroztik, Naiz Irratiko arratsaldetako ardatz nagusi izan da magazina. Udako atsedenaldia eta gero, gaur abiatuko da 'Bigarren Kafea' magazina, ahots gehiagorekin eta aldaketa nabarmenekin.
'Bigarren Kafea' saioak izango duen aldaketarik agerikoena gidaritza taldeko aldaketa izango da. Saioan hiru gidari izatetik, bi izatera pasako dira denboraldi honetan. Iñigo Asensiok hartuko du eguneroko gidaritzaren ardura, baina ondoan txandaka izango ditu, astelehenetik ostiralera, Fariba Sehikhan, Maitena Salinas, Iñigo Etxarri, Oihana Maritorena eta Mai Gorostiaga. «Bakoitzak bere esentzia emango dio saioari» azaldu digu Iñigo Asensiok.
Fariba Sehikhan aktorearen txanda izango dira astelehenak, eta Iñigo Asensiorekin batera berari tokatzen zaio denboraldi berria estreinatzea. Donostiako Zinemaldia izaki, oso presente egongo da zinea lehen saio honetan. Berak saioari zer emango dion galdetuta barrez erantzun du Sehikhanek «ba, hasteko bizkaitar bat!».
Maitane Salinas arituko da astearteetan eta euskal sormena eta kultura izango dira landuko diren gaiak, asteazkenetan Iñigo Etxarri izango Asensioren bidelaguna eta , musika eta musikariak izango dira protagonista «kontzertu akustikoekin jarraituko dugu» aurreratu digu Asensio tolosarrak. Ostegunetan, Oihana Maritorena arituko da gidaritza lanean. «Joan den urtean kolaboratzaile gisa aritu zen arte eszenikoen inguruan, eta eta denboraldi honetan tartea mantenduko dugu eta gainera, beste presentzia bat hartuko du» azaldu du Iñigo Asensiok. Astea, Mai Gorostiagarekin amaituko da, clown, bufoi eta ipuin kontalariarekin.
Iazko kolaboratzaile batzuk mantenduko dira, Iker Lauroba, ostiraleko bidaiariak, kafea gailetekin, kanpotiarrak....eta kolaboratzaile berriak ere gehitu dira. Aitor Azurkik memoria historiko kontuak ekarriko ditu astero, literaturari lekua egingo dio Igor Estankonak eta sexualitate kontuak hartuko ditu hizpide Elixabet Olaskoagak.
Ohiko ordutegia mantenduko du 'Bigarren Kafea' saioak. Astelehenetik ostiralera arratsaldeko lauretatik seietara. FM eta streaming bidez zabalduko da eta podcast plataformetan saioko esanguratsuenak elkarbanatuko dira.