Live

Naiz Irratia

EAEko fiskaltzarekin bilduko da Bizkaiko pentsiodunen mugimendua

Pandemiak zahar egoitzetan izan dituen ondorioez hitz egiteko Irailaren 7an fiskaltzarekin elkartuko direla baieztatu du Naiz Irratian Jon Fanok.

Audio_placeholder

EAEko fiskaltzarekin bilduko da Bizkaiko pentsiodunen mugimendua

Loading player...
Pentsiodunen elkarretaratzea, atzo, Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Pentsiodunen elkarretaratzea, atzo, Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Elkarretaratzea egin zuen atzo Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak Bilboko auzitegiaren aurrean. Bertan jakinarazi zuen pandemiak erresidentzietan eta baita menpekotasun zerbitzuetan eragin dituen ondorio larrien inguruan txostena osatu dutela eta gaiaz hitz egiteko bilera egingo dutela irailean EAEko fiskaltza nagusiarekin. Hala berretsi du gaur Naiz Irratian Ion Fano mugimenduko kideak. Bizkaiko ahaldun nagusiak, ordea, pentsiodunekin elkartzeari uko egin diola baieztatu du.

Zahar etxeetan gertatu denari buruz, Fanok azpimarratu du pentsiodunen mugimenduak zuzeneko informazioa duela, egoiliarren, senideen nahiz langileen testigantzak jasota erresdentzietan gertatu denaren argazki osatua egin dutela. Eta esku artean duten informazioa haintzat hartuz, pentsiodunen mugimenduak baieztatu du zahar egoitzetan arduragabe jokatu dela.

Fanok azpimarratu du Aldundia dela zahar etxeen arduradun nagusia, baina ez duela bere erantzunkizuna onartu nahi. Gaur gaurkoz gainera, erresidentzietako egoera ez dela batere ona baieztatu du. Zahar egoitzetatik haratago, eguneko zentroetan bizi den egoeragatik ere kezkatuta daude pentsiodunak.

Salaketa lanarekin jarraitzen dute, beraz, pentsiodunek. Bizi dugun pandemiaren erdian, nagusienek, batez ere erresidentzietan daudenek bizi duten egoera larriaren inguruko lanketa ari dira egiten. Edonola, pentsio duinen alde sortu zuten olatuarekin aurrera jarraituko dutela baieztatu du Fanok. Abuztuaren 24ean manifestazioa egingo dute Bilbon, eta irailaren 7an Euskal Herriko hamaika txokotara itzuliko dira pentsiodunen asteroko mobilizazioak.

Jaurlaritza Logoa