Live

Iker GURRUTXAGA

«Urtean lauzpabost soinu banda egin ditzakegu. Morriconek 500dik gora egin zituen, atera kontuak»

Ennio Morricone zendu berritan, haren ibilbideari tokia egin nahi izan diogu MusikHaria saioan. Soinu banden munduan izen handienetakoa izan da Morriconerena eta, hartara, hari buruz hitz egiteko, Euskal Herrian daukagun soinu banden egile batengana jo dugu italiarraren ibilbidea errepasatzeko, Paula Olazengana.

Audio_placeholder

«Urtean lauzpabost soinu banda egin ditzakegu. Morriconek 500dik gora egin zituen, atera kontuak»

Loading player...
Paula Olaz
Paula Olaz

Dolarraren trilogia, 'Cinema Paradiso', 'The hateful eight' eta horrela beste 500 erreferentzia baino gehiago aipa genitzake Ennio Morriconeren soinu banden zerrendan. «Zinemagintzan bai, baina telesailetarako ere egin zituen soinu bandak Morriconek eta hori ez da askotan aipatzen» kontatu digu Paula Olaz soinu banden egileak.

Ibilbide luze bezain oparoa izan du italiarrak eta horri balioa eman nahi izan dio Olazek, «izan ere, gaur egun lauzpabost soinu banda egin ditzake batek urtean. Atera kontuak zenbat urte beharko genituzkeen Morriconek adina idazteko. Gainera, zinemagintzaz harago ere aritu da lanean italiarra eta hori harrigarria da».

Egile handien zerrendako «top 5ean» sartzen du Paula Olazek Morricone. Aurten Asturiasko Printzesaren saria eman diote beste soinu banden egile batekin, John Williamsekin, batera. «Biak ala biak miresten ditugun soinu banden egileak dira. Doinu itsaskorrak egin dituztenak. Pelikula bat ikusi eta aretotik ateratzerako txistuka joaten zara haien kantuekin», aipatu digu Olazek.

Morriconeren kasuan, bitxikeria batzuk ere luzatu dizkigu nafarrak. «Morricone eta Sergio Leone biko garrantzitsua izan dira zinemaren munduan, arrakasta izugarria izan zuten elkarrekin 'Spagghetti western' deitzen den generoan. Bitxiena da ume-umetako lagunak zirela Leone eta Morricone eta laguntasun hori arrakasta garaian ere izan dutela», kontatu digu Olazek.

«Soinu bandak egiten ditugunen zirkuluetan, ordea, bestelako zerbait esaten da Tarantinorekin izan duen harremanaren inguruan. Esaten da emaitza ona izan dutela, baina lanean bien moduek talka egiten zutela eta tirabira askoko erlazioa izan dutela», dio Olazek. «Baina luxu bat izan badu Morriconek, hori etxetik lan egitearena izan da. Asko saiatu ziren bera Erromatik atera eta Estatu Batuetara eramaten, baina berak tinko eutsi zion bere tokiari eta etxetik egin izan du lan beti, hori luxua da», nabarmendu du nafarrak.

 

Paula Olazen ibilbide propioa

Paula Olaz (Iruñea, 1988), ordea, bere ibilbide propioa egiten ari da soinu banden munduan. Pascal Gaigneren ondoan Moriarti etxearentzat hainbat lan egin ditu, hala nola, 'Errementari', 'Handia', 'Dantza' edota 'La trinchera infinita'. «Pascalekin asko ikasi dut, estatu espainiarrean dagoen soinu banden egile onenetako bat da eta haren ondoan lan egiteak asko balio izan dit nire ibilbiderako», adierazi du Olazek.

Bere hainbat proiektu ere garatu ditu, ordea. Aurkezten azkena, Lander Garrok zuzendutako 'Bi urte, lau hilabete eta egun bat' dokumentala izan da. Haren soinu banda egin du Olazek, baina baita beste hainbat ikus-entzunezkoenak ere. «Berkleen zinerako, telebistarako eta bideo-jokoetarako soinu bandak egiteko espezializatu nintzen», esan digu nafarrak eta aipatu digu baita ere zeinen desberdina den baterako edo besterako lan egitea.

Europako Espazio Agentziarekin edota CERN erakundearekin elkarlanean garatu ditu beste hainbat proiektu. «Astronomia asko gustatzen zait eta zortea izan dut espazio agentziarekin lan egiteko. 'Hubble' teleskopioaren irudiekin osatutako bideo bati soinu banda jartzearen zortea izan dut Londresko 'Air studios'-en, nolabait ere hango orkestra sinfonikoaren egoitza dela esan daitekeenean», dio Paula Olazek.

Ibilbide oparoa aurreikusten zaio, beraz, soinu banden egile nafarrari. Morriconek besteko arrakasta edukitzea ez da erraza izango, baina ea hark adina urte ematen dituen soinu banden munduan.

Jaurlaritza Logoa