Naiz Irratia

Ladis Satrustegi (Lesakako alkatea): «Tokiz kanpo gaude gaur, baina datorren urtean ospatuko ditugu sanferminak behar bezala»

Lesakan ezohiko San Fermin bezpera bizi dute astelehen honetan. Ladis Satrustegi Lesakako alkateak herrian bizi duten egoeraren berri eman digu uztailaren 6 honetan. Triste daude noski, baina aurten «zuhurtzia» nagusitu behar dela azpimarratu du.

 

Audio_placeholder

Ladis Satrustegi (Lesakako alkatea): «Tokiz kanpo gaude gaur, baina datorren urtean ospatuko ditugu sanferminak behar bezala»

Loading player...
Aurten ez dute sanferminetako txupinazorik bota Lesakako udaletxetik
Aurten ez dute sanferminetako txupinazorik bota Lesakako udaletxetik

Lesakarrek urte osoa ematen dute sanferminen zain; dena emateko egunak izan ohi dira. Jaiak, ordea, bereziki sanferminak, jende pilaketen baliokide dira eta, aurten, pandemia bat igaro ondoren, pilaketak ekiditea behar-beharrezkoa da. Ladis Satrustegi Lesakako alkateak argi utzi du astelehen honetan Naiz Irratian «osasuna beste ezeren gainetik» dagoela eta, aurten ez, baina datorren urtean jaiak berriz ere itzuliko direla.

«Zuhurtzia» nagusitu da beraz Lesakan. Ordea, ezin ezkutatu tristura sentitzen dutenik: «Triste eta tokiz kanpo gaude...Ez dakigu oso ongi nola sentitu behar garen. Guztiok oroitzen gara gaur sanferminak hasten direla, baina aldi berean, oso ondo ulertu dugu ingurukoak babestea egokitzen zaigula orain».    

Erabaki kolektiboa

Lesakako Udalak utzi ditu jaiak bertan behera, baina azken erabakia berea izan bada ere, ez da aldebakarrekoa izan. Iruñean ez bezala, Udalak aintzat hartu du herriko mugimendu eta elkarteen iritzia. Erabakia «mingarria» izan dela ziurtatu du Satrustegik, baina «herri osoak hartutako erabaki bateratua» izan dela argitu du. Izan ere, Lesakako alkateak nabarmendu du sanferminak herritarrek egiten dituztela. Alde horretatik, «oso harro» agertu da lesakarren jarrerarekin, «heldutasuna erakutsiz herritarren gehiengoak zuhurtziaren alde» egin baitu.

Zenbait herritan jairik egin ez arren, ekitaldi gutxi batzuk antolatu izan dituzte. Lesakan, baina, geldialdia orokorra izango da. Uztailaren 6 honetan ez da txupinazorik izan, eta bihar, San Fermin egunean, jaien egun handian egoera berdintsua izango da. 2021era arte itxaron beharko da, baita ere, Zubigaineko dantza historikoa ikusteko.

Lesakarren babesa lortuta, kanpotik iritsitako jendea da Lesakako Udalaren beste kezka nagusia. Urtero Euskal Herri osotik milaka lagun joaten dira Lesakako sanferminez gozatzera. Satrustegik argi utzi nahi izan du aurten ez dagoela ezer ospatzekorik Lesakan, baina hori bai, datorren urtean «beti bezain ongi etorriak» izango direla gaineratu du.

Zapi zuri-gorriak balkoietan

Batek baino gehiagok balkoian zapi gorria zintzilikatu du eta familia edo lagunarteko bilera pribatuak egingo dira. Horrelakoak jaiak ez ospatzearekin bateragarriak direla nabarmendu du Satrustegik.

Jairik ez ospatzeak ondorioak izango ditu hainbat sektoreetan eta herriak nabarituko du. Ondorio ekonomikoak izango direla ukaezina da, bereziki herriko ostatu eta tabernetan. Nolanahi ere, sanferminez harago, konfinamendutik sortu diren ondorioei aurre egiteko neurriak hartu dituztela azpimarratu du Lesakako alkateak.