Live
Atzera begiratzea ez da beti ariketa polita izaten, baina bai 'Beste Bat' saioen kasuan. Pasa den abuztuan abiatu ziren saioak Miren Narbaiza, Olatz Salvador, Nizuri Tazuneri eta Mikel Markezekin. Geroztik, 40 musikari baino gehiago pasa dira 'Beste Bat' saioetatik eta oso musika ezberdinaz gozatzeko aukera izan dugu. Uztailean, urtea itxiko du honako boskote honek: Eneko Axpe Maisha MC, Sara Zozaya, June Calsor, Gozategi eta Rodeo.
Astelehenetako 'Beste Bat' saioa AEBetatik egingo da, zehazki San Frantzisko hiritik, bertan bizi da Eneko Axpe, Maisha MC, NASArentzat ari baita lanean hainbat proiektutan. Azken aldian maiz ikusi eta entzun dugu Eneko Axpe pandemiari buruz azalpenak ematen, baina 'Beste Bat' saioetan musika kontuez ariko zaigu, ez baita zientzia bere pasio bakarra, musikak ere bahituta du bere bihotza. Eta bi pasio horiek ederki uztartu ditu bere bakarkako lehendabiziko lanean: 'Vmme Sahar', non maisuki nahastu dituen Marteko soinuak eta euskal folka.
June Calsorrek hartuko du lekukoa astearteetan. Hamalau urterekin hasi zen musikari donostiarra kantuak idazten, eta aurten atera du bere lehendabiziko lana 'Amalur'. Soul doinurik ez da faltako astearteetako 'Beste Bat' saioetan.
Asteazkenetan, Rodeo. Beti esan ohi da Berak baduela zerbait berezia musikari askoren herria delako, eta hala gertatzen da Zestoarekin ere. Garaiko Lin Ton Taun, eta geroko Grises, Rural Zombies, Ezpalak... edo Rodeo, horren adierazle. 2014an elkartu ziren Rodeo taldeko lau kideak Zestoako gaztetxearen urteurrenaren aitzakian, han kontzertua eman zuten eta ikusita izan zuten arrakasta behin behinerako sortu zen talde hura sendotzea erabaki zuten. Horrela sortu zen Rodeo stoner banda, gaztetxearen bueltan. Geroztik 3 lan kaleratu dituzte, azkena aurten: 'Ezherrian'.
Orioko 'Gozategi' taldeko Iñigo Goikoetxea eta Asier Gozategi ariko dira 'Beste Bat' saioa egiten asteazkenetan. Ez du aurkezpen handirik behar trikiti munduan sortutako talde honek. 25 urte daramatzate oholtza gainean eta haien kantu ugari ereserki dira belaunaldi batentzat. Azken lana 2018an atera zuen taldeak, 'G puntua'.
Sara Zozaya donostiarrak jarriko dio ginda asteari ostiraletan. 12 urte dituenetik abestiak egiten jardun duen arren, 2018an bildu omen zuen Sara Zozayak adore nahikoa bere lana EP formatuan plazaratzeko, hala aitortu zuen 'Musika Pipulak' podcastean. Musikari donostiarrak 'Nerabe' taldearekin eman zituen bere lehen pausoak jendaurrean, bakarkako ibilbideari ekin aurretik. 'III' deituriko EP intimistaren ondoren, 2020an plazaratu du '(I)' bere lehen diskoa. Abesti guztiak batera kaleratu ordez, bere lana kantuz kantu aletu du Zozayak.
'Beste Bat' saioak arratsaldeko 15:00etan emititzen dira eta 21:00etan errepikatu. Orain arteko denak Naiz Irratiko webgunean daude entzungai eta baita podcast plataformetan ere.