Naiz Irratia

Alarma egoera gaindituta, berriz ere errepidera irten dira euskal preso politikoen senideak

Hiru hilabate baino gehiago egon dira euskal presoak bisitarik jaso gabe koronabirusaren eraginez. Pasa den asteburuan ekin diete berriro. NAIZ Irratian izan dira Maialen Zuazo eta Xochitl Carasatorre senideak. 

Audio_placeholder

Alarma egoera gaindituta, berriz ere errepidera irten dira euskal preso politikoen senideak

Loading player...
Dispertsioaren aurkako mobilizazioa. © Argazki Press
Dispertsioaren aurkako mobilizazioa. © Argazki Press

Maialen Zuazo Alacant-en, Villenako espetxean izan da asteburuan bikotekidea ikusten. Azkenengoz otsailaren 14an ikusi zuen, beraz, lau hilabete egon da bera ikusi gabe. Sentsazio asko dituela aitortu du, eta baita sentimendu kontrajarri asko ere. «Hiru urteko alaba etxean geratu da; gezurra esan behar izan diot, aita ikustera nindoala esango banio, nirekin etorri nahiko zuelako». Bikotea ondo ikusi du, baina alaba ikusteko «irrikitan« dagoela dio.

Xochitl Carasatorre, berriz, Castellon izan da, Euskal Herritik 500 km-ra. Aita ikustera joan da. Bisita oso motz geratu zaiela esan du, baina pozik daudela ikusteko aukera izan dutelako: «Kristalaren bestaldean egin dugu bisita eta gu ez gaude horretara ohituta. Oso-oso motz geratu zaigu». Zuazok ere gauza berbera azpimarratu du.

Aurrez aurreko bisitak noiz ezarriko ote dituzten galdetuta, Carasatorrek kontatu du Espetxeen Idazkaritza Nagusiak zabaldu duela uztailaren 6tik aurrera baimentzen hasiko direla. Edonola, oraindik ez dute horren inguruko berririk. Zuazok esan du Villenako espetxean asteburuan hasi direla aurrez aurreko bisiten eskaerak tramitatzen eta suposatzen dela uztailean zehar gauzatu ahal izango direla. Alde horretatik, ezjakintasuna oso gaizki eraman duela nabarmendu du Zuazok: «Ez dugu ezer jakin aste hauetan guztietan. Une askotan jasangaitza izan da».

Berriz ere errepidean

Asteburu honetan, berriz ere, errepidera jo behar izan dute senideek. Alde horretatik, bidaiarik gabeko aste hauek lasaitua suposatu dutela aitortu du Carasatorrek, bai ekonomikoki baita osasunari eta segurtasunari begira ere. Zuazok, alde horretatik, nabarmendu du inoiz baino gogo gehiago zituela bisita egiteko, baina inoizko amorru handienarekin egin dituela harainoko kilometroak. Izan ere, preso politikoen senideak urrunketarekin aurkitu dira berriz ere, parez pare.

Zentzu horretan, azpimarratu dute pandemia honek agerian utzi duela presoen eskubideak eta senideenak geroz eta urratuago daudela. Carasatorrek gogora ekarri du, alarma egoerak iraun duen bitartean, kartzeletako beste senide batzuek bisitak egiteko aukera izan dutela «probintzia berean bizi zirelako»; aldiz, eurek, dispertsioaren erruz, ez dute halako aukerarik izan. 

Egoera konpontzeko balizko adierazpenak «ondo» daudela diote biek, baina «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko unea dela azpimarratu dute.