Live
NAIZ Irratiko Bigarren Kafean izan dira Nøgeneko Markel Idigoras eta Eider Saez. Pandemiak disko berriaren prestaketa lan betean harrapatu zituen, «konposatzeko ere denbora gutxiago izan dugu, gure lan egiteko modua ez delako bakoitzak berea etxean egitea, elkarrekin egin ohi dugu eta orain nahiko juxtu gabiltza diskorako, baina iritsiko gara».
Urte amaieran argitarau asmo dute lan berria eta ostiral honetan ezagutuko dugu lehen aurrerapena, 'Mila aldiz'. Kontzertuan zuzenean joko dute eta streaming emanaldiaren amaieran estreinatuko dute bideoklipa.
Lan askorekin ibili arren, NAIZ Kontzertuen aukerari ezin ziotela ezetz esan azaldu du Idigorasek, «Nøgen ez garelako hor gauden bostak bakarrik, Nøgenen atzetik gauza gehiago daude, teknikariak daude, bulegoa dago... nik uste denok behar genuela kontzertu hau ematea».
Erdoila kentzea pixka bat kostatu dela azaldu du Eider Saezek, «lehen entsegua single-a grabatzeko izan zen eta ondo joan zen baina gero kontzertu honetarako errepertorio guztia prestatu behar izan dugu eta egia esan gauza batzuk ez genituen gogoratzen...», Idigorasek moztu dio, «baina izan dugu denbora lantzeko e!», Saez berriz, «umorez hartu genuen eta esan genuen, 'beno egin dugu gaizki, orain egin dezagun ondo'». Behar diren entseguak eginda ostiralerako dena prest dutela baieztatu dute, «indartsu hasiko dugu kontzertua».
Primizia eta «ez-primizia» artean joan da Bigarren Kafeko elkarrizketa, erantzunik gabe geratu baita gonbidatu berezirik izango ote denaren galdera. Isiltasuna erantzun gisa, beraz izango da gonbidatu berezirik Sanagustin Kulturguneko oholtzan heldu den ostiralean? Zuzenean argituko da (sarrerak: naiz.eus/naizkontzertuak).