Live
Luxuzko kolaboratzaileak bildu dituzte Sonakay taldekoek ‘Sonakay guztiekin’ lan berria osatzeko. Ez dira asko izango hain mundu desberdinetatik datozen artista handiak batu dituztenak beren disko propio batean. Iñaki Salvador, Maria Berasarte, Urko, Iker Lauroba, Ketamako Carmona anaiak, Omar Rodriguez, José Pasaiakoa, Paco Suarez eta Golden Apple Quartet izan dira diskoan parte hartu dutenak. Disko honetan noski, euskaraz entzungo dugu flamenkoa. Nahiz eta azken momentuko erabakia izan ‘Xalbadorren Heriotzean’ kantuko moldaketa bati leku egin diote ‘Sonakay guztiekin’ diskoan.
«Hasiera batean ez genuen grabatzeko asmorik, baina autoz Mutrikura, Axularren AME estudiora, gindoazela batek ideia aipatu zuen. Goizeko lanak egin, bazkaldu eta bazkalondoren kantua diskoan sartzea erabaki genuen, gehiegi pentsatu gabe» kontatu digu Sonakayko kideak. Eta moldaketa, entzuteko modukoa da, ‘Sonakay guztiekin’ disko guztia bezala. Flamenkoaren barruan dagoen aniztasuna ezagutzeko modua delako talde donostiarrak lan honen bitartez eskaintzen duena.
Ketama taldea Sonakayren «erreferente izan da beti». Flamenko berria eta flamenkoaren fusioan hasi zirenetako talde bat izan baitzen Ketama. «Euskal Herrian bi kontzertu egin zituzten, Donostiako Kursaalean eta Bilboko Euskaldunan. Haiekin bi kontzertuetan oholtzara igotzeko gonbidatu gintuzten. Guk ezin genuen sinetsi, baina onartu genuen. Donostiako kontzertua eta gero, ‘Hamaikak bat’ elkartean afaltzen ari ginela, elkarlanarena aipatu genuen eta hortik sortu zen guztia. Harreman oso ona egin genuen eta baiezkoa eman ziguten», kontatu digu Jose Luis Jimenez Sonakay taldeko baxu-jotzaileak.
Flamenkoaren munduan dabiltzan arren, Jimenezek kontatu digu nola horren barruan hainbat eta hainbat estilo dauden, «segidillak, buleriak, rumbak, alegriak, tangoak… asko dira flamenkoaren barruan dauden generoak. Jendea estilo desberdin horiek entzutera animatu nahi nuke, izan ere, guzti horren barruan gustuko zerbait aurkitzea ez da hain konplikatua» aipatu digu Jimenezek.
Gainera, Euskal Herrian geroz eta flamenko gehiago entzuten dela eta onartuagoa dagoela ere esan digu baxu-jotzaile hernaniarrak. «Duela bi urte ‘Flamenko gauean’ izeneko ekimena egin zen eta musikaren bitartez herrien arteko lotura egin zen. Gu ere saiatzen gara euskaldunen kultura eta ijitoena gerturatzen. Flamenkoa bakarrik dakigu egiten, baina euskaraz ere egiten dugu eta helburu hori, bi kulturak gerturatzearena, beti daukagu presente» azpimarratu du Jimenezek.
Telebista saio bati esker, ‘Txoriak txori’ kantuaren moldaketa batekin egin ziren ezagun Sonakaykoak. Baina, aurretik ere, hain ezagun izan gabe, Donostiako Okendo plaza jendez gainezka zela, kontzertua eskaini zuten Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua izan zeneko ekitaldi batean. «Guk ordurako musika egiten genuen elkarrekin. Yoniren ideia izan zen euskarazko kantuen moldaketak egitearena, eta ideia horri esker gaur arteko ibilbidea, gutxienez, egin dugu» esan digu Jimenezek.
Yoni Jimenezek, taldeko abeslariak, beste elkarrizketa batean zera esan zuen: «Ijito bat euskaraz hizketan entzun eta jendea harritzen ez denean, orduan flamenkoa ere ez da hain urrunekoa izango». Horren inguruan eta ijitoek euskal gizartean bizi dutenaren inguruan galdetuta, Jimenezek zera esan zigun: «Ni adibidez, Hernaniarra naiz, nire amonaren partetik Etxeberriatarra naiz, laugarren belaunaldikoa. Hartara, sustrai oso euskaldunak ditut. Gainera, hasi ginenetik hona jendeak geroz eta gehiago entzuten du gure musika eta hori pozgarria da».