Live

Iker GURRUTXAGA

'Hutsaren hatsa' bihotzak bizipozez betetzeko

Disko berria kaleratu berri du Aguxtin Alkhat (Armendaritze, 1982) musikariak. Barrura begira egindako lan baten ondorioz egindako abestiekin osatutako bilduma da. Minetik sortu eta minaren inguruan kantatu duen arren, guztiz bestelako helburua duena. 'MusikHaria' saioan izan da 'Hutsaren hatsa' diskoa aurkezten.

Audio_placeholder

'Hutsaren hatsa' bihotzak bizipozez betetzeko

Loading player...
Aguxtin Alkhat © Alain Cazenave
Aguxtin Alkhat © Alain Cazenave

Barruko mina agerian uzten duen diskoa da Aguxtin Alkhaten lan berria, 'Hutsaren hatsa'. Alkhatek esan digunez, «introspekzio lana izan da eta Anjel Lertxundiren zutabe baten izenburua da diskoari izena ematen diona. Garai latz hauetan ere itxaropen bat atxikiz, argi bati helduz, iluntasunetik atera daitekeela erakutsi nahi izan dut diskoarekin», kontatu digu baxenafartarrak.

Baina mina duen arren, egoera txarrenean ere aurrera egin daitekeela eta bizipoza berreskuratzea posible dela aldarrikatzen du. Alkhaten aburuz, diskoaren sintesia izan daiteke «malkoak irri» bihurtzea, hori aldarrikatzen baitu kantuetako batean. «Gauza sinpleetan aurkitu behar da zoriontasun» dio. Eta kontatu digu «utzi aske izaten» esan ziotela behin eta hortik sortu zela kantua: «barruan ezinegon moduko bat eragin zidan eta hortik hasi nintzen kantua egiten» aitortu  digu.

Binilo formatuan kaleratu du 'Hutsaren hatsa'; A aldea kantu akustikoagoekin bete du eta B aldean, berriz, abesti rockeroagoak pilatu ditu. Bi abesti kanpoan utzi behar izan dituzte, baina egindakoarekin konforme geratu direla kontatu digu Alkhatek.

'Erre Hitza' izan da bere lehen singlea eta bideoklipa. «Hitza erabiltzen dut lanabes, hitza maite dut. Hitza erre nahi izatea kontraesan modukoa da niretzat», hasi da kantuaren inguruan hizketan. Baina gaia sakonago azaldu digu Armendaritzeko musikariak: «Pertsona batek bizitzen dituen momentu batzuetan bere ingurunea zenbat aldatzen den ikusten du eta juzgatua izaten dela ohartzen da. Euskal Herria oraindik ere kontserbadorea da Elizak eta halakoek badute pisurik. Etika, morala… eta halakoen izenean, pertsona baten inguruan zurrumurruak zabaldu eta gezurrak esaten dira. Hori jasanezina egin zait. Errespetua aldarrikatu nahi izan dut» azpimarratu du musikariak. Besteen bizitzaz ezer jakin gabe gehiegi jarduten direnei zuzendu die diskoa aurkezteko erabili duen kantua.

Aurkezpen kontzertu ia guztiak bertan behera geratu zaizkion arren, ez da zeharo atsekabetuta, gauzak hobetzeko esperantza du eta horregatik erabaki du diskoa kaleratzea. Kilometro 0 ekoizpenaren alde egin du Alkhatek. «Kantua ona bada, bere bidea egingo du. Hori erakutsi nahi izan dut. Hemen baditugulako musikari eta teknikari bikainak. Kanpoan bezain ongi egiten dakigu gauzak» kontatu digu MusikHaria saioan. Biniloan egitearen arrazoia, denboran gehien irauten duen formatua dela da. Horiek ere bertan, Euskal Herrian egin ditu, ekonomia lokala sustatzearen alde. Grabaketak, berriz, Baiona eta Bera artean egin dituzte.

Orain hasiko da diskoa batean ea bestean zabaltzen, «eskuz-esku». Muga pasa ezin duenez, oraindik ezin du hegoaldean diskoa salgai jarri, baina, mezu pribatu bidez eskaerak jasotzeko prest dago. «Oraindik ere pentsatzen nabil etxe atarian mahai jarri eta diskoa saltzen bertan jarriko ote naizen. Kilometro 0 ekoizpenaren estiloan, baserritarrek egiten duten bezala» bukatu du Alkhatek.

Umoretsu, alai eta barrua hustuta aurkeztu digu 'Hutsaren hatsa'. Terapia modukoa, besteei ere bizipoza eman nahian.

Jaurlaritza Logoa