Live
Xabierrek ostegunean bisitatuko du bere aita ia hiru hilabeteren ostean, Bizkaian hasi baitira jada adinekoak senideen bisitak jasotzen. Begoñak, berriz, datorren astelehenetik aurrera izango du aukera, Gipuzkoako zahar etxeetan Ekainaren 8tik aurrera egongo delako bisitak egiteko aukera. Kezkatuta daude biak, ez dakite nolako egoeran aurkituko dituzten euren aitak.
Bisitak berriro hasiko diren arren baldintza zorrotzak ezarri dituztela kontatu dute. Astean behin edo bitan egin ahalko dira eta elkar ikutu gabe. Martxoa erdialdean eten zituzten bisitak eta ordutik bideo-deien bidez edo telefonoz komunikatu ahal izan duten euren senideekin. Baina horrek ez ditu asetu batzuen zein besteen beharrak.
Senide ez ezik, zahar etxeetako egoera hobetzeko helburua duten Bizkaiko Babestu eta Gipuzkoako Senideak elkarteetako kideak dira Xabier eta Begoña. Koronabirusaren krisia lehertu aurretik zahar etxeetako egoera kaxkarra zela nabarmendu dute, bereziki langile faltagatik. Eta orain, konfinamenduan euren senideak ez direla ongi zainduak izan uste dute, bakartuak egon direlako eta behar zuten arreta jaso gabe.
Sakoneko eztabaidari heldu behar zaiola aldarrikatu dute biek. Zahar egoitzen ereduaren inguruko eztabaida aldarrikatzen dute, protagonista guztien parte hartzearekin.