Live

Amaia Zurutuza
Interview
Miren Basaras
Mikrobiologoa

«Beste herrialde batzutan konfinamendutik ateratzean kasuek gora egin dute. Babes neurriak jarraitzea oso garrantzitsua da»

Koronabirusaren bigarren olatu bat izango al da? Baietz diote adituek. Miren Basaras mikrobiologoak gizartearen %95ek ez duela gaitza pasa gogoratu du NAIZ Irratian, eta ondorioz litekeena dela bigarren kolpe bat izatea.

Audio_placeholder

«Beste herrialde batzutan konfinamendutik ateratzean kasuek gora egin dute. Babes neurriak jarraitzea oso garrantzitsua da»

Loading player...
Miren Basaras (Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU)
Miren Basaras (Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU)

Gaur gaurkoz, egoerari erreparatuta, nola ikusten duzu Covid-19aren eragina gurean?

Egia da martxotik hona askoz gehiago ezagutzen dugula gaixotasunaren eta birusaren inguruan. Garrantzitsua da hori ere kontuan izatea. Oraingo egoerari dagokionez, martxotik hona asko hobetu da. Hasieran gaizki egon ginen oso, birusaren transmisioa etengabekoa zen eta egunero jasotzen genuen kasu positiboen eta hildakoen berri. Orain konfinamenduari esker transmisioa gutxitu egin dela ikusten ari gara. Argi utzi behar da, ordea, Covid-19a ez dela desagertu, birusa hor dagoela eta horren aurrean babes neurriak hartzen jarraitu behar dugula, batez ere kalera ateratzen garenean.

Gizartean okerrena dagoeneko pasatu dela pentsatzearen arriskua egon daitekeela uste duzu?

Lasaitzeko arrisku hori egon daiteke zalantzarik gabe. Konfinamendutik ateratzen goazen heinean, ari gara dagoeneko ateratzen etxetik, lantokira ere gero eta gehiago joaten gara eta batzuetan horrek ematen die batzuei dena pasatu den irudipen bat. Mezu hori faltsua da ordea. Neurriak jarraitzen ez baditugu, bereziki elkarren arteko distantziari eta eskuen higieneari dagozkionak, nik uste berriro kasuek gora egiteko arriskua dagoela.

Neurri ezberdinak ezarri dira azken asteetan gaitzari aurre egiteko, ezagunena konfinamendua da. Orokorrean nola baloratzen dituzu neurriak?

Konfinamenduarena argi dago eraginkorra izan dela. Konfinamendua ezarri zutenean hainbat kasu zeuden gure artean, baita hildakoak ere. Bi hilabeteko konfinamenduaren ostean ikus daiteke hildakoak eta kutsatuak beheraka doazela. Nabarmen jaitsi da birusaren transmisio hori. Argi dago beraz konfinamendu zorrotz honek bere eragina izan duela.

Birritan azpimarratu duzu birusa oraindik ez dela desagertu. Garrantzitsua da hori?

Noski. Birusa hor dago eta posible da jendea atzera kalera ateratzen denean kutsatze kasuek gora egitea. Kontuan izan behar da EAEn egin diren seroprebalentzia azterketen arabera ehun pertsonatik laurogeita hamabostek ez duela antigorputzik. Horrek esan nahi du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleen artean, bataz beste 10etik batek ere ez duela birusa pasatu. Populazioaren gehiengoak gaixotzeko aukera handia dauka eta zuhurtziaz ibili behar dugu kalera ateratzen bagara.

Esaten da bigarren olatu bat egon daitekeela. Uste duzu hala izango dela?

Egia esan ez dakigu oso ondo zer gertatuko den, baina populazioaren gehiengoa babestu gabe dagoenez, seguraski olatua egongo da. Zenbat pertsona kutsatuko diren ezin da aurreikusi. Beste herrialde batzuetan gertatu denari begiratu diezaiokegu ideia bat egiteko, Alemanian edo Hego Korean gertatu denari adibidez. Leku horietan konfinamendutik atera direnean, kasuek gora egin dute. Hor ikusten da zein garrantzitsua den babes neurriekin jarraitzea.

Hasieran uste zen bakarik sintomak zituzten pertsonek zabal zezaketela birusa. Gero ikusi ahal izan genuen bazirela sintomarik erakutsi gabe birusa zabal zezaketenak. Sintomarik gabekoak zein diren antzemateko testak egitea besterik ez zaigu geratzen.

Maskaren inguruko neurria ere hor dago. Leku publikoetan eta bi metroko distantzia mantendu ezin den lekuetan maskarak erabili behar dira hemendik aurrera. Neurri egokia dela uste duzu?

Hasieran maskarek ez zutela balio esaten zen. Txinan aldiz ikusten genuen nola zebiltzan herritar guztiak maskara jantzita. Osasun langileok aspalditik esaten genuen neurri hori hartu beharra zegoela. Sintomarik ez dituzten pertsonek ere birusa transmititu dezakete eta maskara horiek eramaten badituzte birusa daraman pertsona horrek ingurukoak kutsatzea ekidingo du.

Sintomarik gabeko kutsatuak ere badira beraz. Gaur egungo sintomatologiaren espektroa ordea, zabalagoa da hasieran baino ezta?

Hasieran uste zen arnas aparatukoak soilik zirela sintomak. Orain beste batzuk ere identifikatu ahal izan ditugu, usaimenaren galera adibidez. Kasu askotan errepikatu da birusarekin kutsatutakoan usaimena galtzea, nahiz eta gero berriro berreskuratzen den. Hortaz aparte beste batzuk ere badaude; bihotzeko arazoak, iktusak, gibeleko arazoak edo tronbosiak, besteak beste.

Aurrera begira, uste duzu iritsi daitekeela birusa desagertuko den eskenatokia? Uste duzu desagertuko dela?

Inork ez daki zer gertatuko den. Momentuz dakiguna da hemen dagoela eta hurrengo hilabete eta urteetan ere hemen egongo dela. Ea txerto eraginkor bat lortzen duten laster, hemen behintzat populazioaren gehiengoa birusa pasatu gabe dago eta.

Jaurlaritza Logoa