Ion GARATE

Alex Txikon: «Beti gelditzen gara bisualagoa denarekin, baina ez mamitsuenarekin»

Euskal mendizaletasunaren lorpen handiak gogoratu berri ditugu, Everestera igo zen lehen euskal espedizioaren 40 urteak eta Edurne Pasabanen hamalau zortzimilakoen lorpenetik igaro den hamarkada. Aitzakia horrekin egin dugu hitzordua Alex Txikonekin, euskal alpinismoaren egungo izen nagusienetako batekin. 

 

Audio_placeholder

Alex Txikon: «Beti gelditzen gara bisualagoa denarekin, baina ez mamitsuenarekin»

Loading player...
Alex Txikon, bidelagun duen sherpa batekin. (ALEX TXIKON)
Alex Txikon, bidelagun duen sherpa batekin. (ALEX TXIKON)

Aste berezia izan du euskal mendizaletasunak. Gogoratu ditugu Everesteko tontorra egitea lortu zuen lehen euskal espedizioaren 40.urteurrena, Edurne Pasabanen hamalau zortzi milakoen 10.urteurrena... Euskal Herrian mendizaletasuna beti izan da nabarmentzekoa eta gaur egun ere sekulako alpinistak ditugu gurean. Nabarmendu beharrekoetan, Alex Txikon lemoztarra.

Txikonek, izan dugun astearen harira, azaldu du «zer esan handiko egunak» izan direla berarentzat ere, baina askotan, «bizi garen gizarte azkar honetan», gauza hauek baloratzeko ere denborarik ez duela ematen. «Niri mendizaletasunaren historia asko gustatzen zait. Asko ikasten da atzera begira, gaur egungo espedizioak egiterako orduan ere atzera begiratu behar izaten dugu beti». 

Azken urteetan ikusi ahal izan diren irudien harira, Everesteko ilara luzeak esaterako, Txikonek hauxe esan du: «beti gelditzen gara bisualagoa denarekin, baina ez mamitsuenarekin. Irudi horien aurrean hausnarketa sakon bat egin behar da, horrek sortzen duen zaborra esaterako, beste hainbaten gauzen artean». Azpimarratu du urtean zehar Khumbuko parke nazionalean 120.000 pertsona sartzen direla bataz beste, beraz hortik hasita egin behar dela lan. 

Mendiak eguneroko bizian duen pisuaz, honakoa Txikonen iritzia: «Mendiak eragin handia du bizitzarekiko daukagun ikuspegian, baloreetan... nahiz eta gaur egun hori galtzen ari den. Gaur egun, gizarte honetan, garrantzia gehiago ematen zaio kirol ikuspegiari, garai batean zegoen talde lan horri baino».

Oxigeno artifizialaren inguruan ere bere iritzia eman du lemoztarrak: «Baldintza batzuetan dopinga dela argi dut, baina neguan lanean ari dena 52 edo 56 gradu zero azpitik, baldintza horietan ibilita, kasu horietan ez dudala gaizki ikusten esango nuke». Gehitu du, gaur egungo joera asko zentugabekeritzat hartzen dituela. 

Lemoztarrak kontatu digu, «mendian aske sentitu nahi izate horrek» izan dezakeela zerikusia, nolabait, abertzaletasunarekin, «honegatik eta Euskal Herriaren orografiagatik, Euskal Herrian mendira joateko joera betidanik izan dugu». Gaineratu du ez duela erreferente zehatzik. «Denak dira erreferente. Denetatik ikasi daiteke. Denok ditugu alde onak eta alde txarrak, saiatzen naiz denetatik alde positibioekin geratzen eta hauek neureganatzen».

Azken aldian Himalaia inguruan dabilen arren, ez da geldi egotekoa Txikon, «saiatzen gara ahalik eta leku gehienetara joaten: Alpeetara, Andeetara... Baina kontuan izan behar da espedizioetan 3 hilabete inguru ematen ditugula, eta ondoren bai Europa mailan bai mundu mailan hitzaldi pila bat ematen ditugula». Hitzaldiei dagokionez, nabarmendu nahi izan du, «zoritxarrez, Euskal Herrian ia gehienak gaztelera hutsean» izaten direla. «Gipuzkoan euskaraz gehiago, baina Bizkaian eta Araban ia denak gazteleraz izaten dira. Esango nuke %50a gaztelera hutsean, %30a euskaraz eta %20a beste hizkuntzetan» dio Txikonek.

Bestetik, aurrera begirako helburuei dagokionez, Txikonek azaldu du orain gauden egoera honetan ez duela motibaziorik erronketan edo etorkizuneko proiektuetan pentsatzeko, «orain beste fase batean nago, ez nago proiektu edo erronkei begira».

Hamalau zortzi milakoak buruan? Buruan halakorik ez duela dio Txikonek. 

Toki kuttunez galdetuta, «Pirinioak eta Picos de Europa», dio, «azkenean, gureak dira eta askotan joaten gara. Euskal Herrian ere mendi ederrak ditugu. Gure herria asko maite dut eta nire ustez, gure herrian bezala inon ez gara bizi».