Live
Hiru urte eskas zituen 'Egin' egunkariak 1980ko euskal espedizioak Everesteko gailurra egin zuenean. Hala ere, garaiko erreferente nagusietakoa bat izan zen egunkaria lorpen historiko haren berri ematen.
Antxon Iturrizaren sinadura zeramaten kronikek eman zuten, besteak beste, Everesteko balentria haren berri. Orain ez bezala, informazioaren zabalpenak denbora luzea behar zuen. Astebete inguru behar izaten zuten Euskal Herrian Himalaiako berri jasotzeko. Hala ere, gailurraren egunean, Everesten bertan beste espedizio batek zuen irrati bati esker, lau orduan Cegasaren Gasteizko bulegoetara iritsi zen despatxu historikoa, «... a las 3.30 de la tarde Martin Zabaleta y Pasang Tempa consiguieron llegar a la cumbre del Everest».
Gogoan ditu Iturrizak erredakzioko giroa, «jai giro izugarria zegoen», eta zerbait historikoa gertatzen ari zenaren ziurtasuna, «banekien ez zela edozein kronika idazten ari nintzena».
Euskal Herrian lorpen kolektibo gisa bizi izan zela dio Iturrizak, «gure selekzioa zen hura, denon gola izan zen», eta garaiarekin ere lotu du, «Euskal Herrian behar genuen poztasun bat izan zen, garai gogorrak ziren». Ondoren etorri ziren Realaren eta Athelticen ligak gogoan, oso garai berezi gisa ditu gogoan.
Mendizaletasunak gure herria munduan kokatzeko ere balio izan duela dio Iturrizak, «Euskal Herria munduan ezaguna bada mendizaleei esker da» eta euskal mendizaleak enbaxadore ezin hobeak izan direla.
Mendiko kazetaritzaren erreferentzia
Mendiko kazetaritzan euskal erreferentzia nagusietako da Antxon Iturriza eta Everesteko lorpenaren harira hurrengo hamarkadetan izan diren beste hainbat mugarri ere aipatu ditugu. Tartean, Edurne Pasabanen ibilbidea, igande honetan beteko dira hamar urte hamalau zortzimilakoak egin zituenetik (Igandean 14.00tan, Pasabanekin gogoratuko dugu NAIZ Irratian bere lorpena)