Live

Naiz Irratia

Herriko festak, koronabirus krisi betean

Nolakoak dira jaiak koronabirus krisi betean? Traña-Matienan adibidez inoizko San Prudentziorik berezienak ari dira ospatzen, eta Andoainen eta Txantrean ostegunetik aurrera hasiko dituzte Santakrutz jaiak. Hiru toki horietako jai batzordeetako ordezkariak izan dira Naiz Irratian.

Audio_placeholder

Herriko festak, koronabirus krisi betean

Loading player...
txupinazoa.jpg
txupinazoa.jpg

Koronabirusak ekarri duen egoera berezi honek Euskal Herriko txoko askotako jaiak hankaz gora jarri ditu. Kasu batzuetan moldatu egin dituzte eta etxetik izan arren, festa giroan jaiak ospatzeko egitaraua prestatu dute. Andoain, Traña-Matiena eta Txantreako festa batzordeetako kideak izan dira Naiz Irratian euren esperientziaren berri ematen. Egoerak eraginda egin behar izan dituzten aldaketak eta prestatu dituzten egitarauen inguruan aritu dira.

Andoain

Aitor Ibarguren Andoaingo Santakrutzetako jai batzordeko ordezkaria da. Ostegunetik aurrera ospatuko dituzte jaiak bertan eta online egitaraua prestatu dute horretarako. Azaldu du urtarrilean ekin ziotela jaien egitaraua prestatzeari, eta koronabirusak sortutako egoerak baldinztatu dituela ordutik. Hasieran maiatzera atzeratzea pentsatu zuten, geroago irailera atzeratzea ere bai. «Ziurgabetasuna zen nagusi. Atzeratuta ere ez genekien ospatzerik izango genuen ala ez». Horregatik online egitaraua prestatu dute.

Ibargurenen esanetan, urteko lehenengo jaiak izaten dira Santakutzak Andoaindarrentzat. «Jendeak gogo handia izaten du jai hauetarako». Aurten, ordea, herritarrak nahiko triste sumatu dituela adierazi du. Taberna askorentzat ere jai hauek izaten omen dira urteko diru sarrera garrantzitsuenak izateko egunak. Horregatik, antolatu dituzten jaietako egitarauetako aurrekontuarekin taberna eta saltoki txikiei laguntzen saiatuko dira. «Ahal den neurrian galera horiek ekiditen saiatuko gara».

Jaietarako egitaraua prestatzen hasi zirenean ez zuten uste horrenbeste herritar animatuko zenik parte hartzera. «Pare bat ekitaldi izatetik 10 edo 15 izatera igaro gara instante batean». Jaietako egitaraua zabaldu dutenean herritarren esker ona jaso dutela adierazi du Ibargurenek.

Traña-Matiena

Igor Galarza aldiz Traña-Matienako festa batzordeko kidea da. Joan den astelehenetik ari dira San Prudentzio jaiak ospatzen, hori bai egoera nahiko berezian. Duela hilabete ingurutik erabaki zuen jai batzordeak ezin zela betiko festarik antolatu eta beste zerbait prestatu behar zela. «Udalak esku hartzea erabaki zuen, eta webgune bat sortu». Igor Galarzak azaldu du webgunean jarri dutela egitarau guztia eta horren bidez herritarrek eta ingurukoek webgunearen bidez jarrai ditzaketela jaiak. Harrigarria gertatu zaie Abadiñoko Udala erabakia hartzerako orduan jai batzordearekin harremanetan jarri ez izana, baina jaiak era honetara ospatzea egokia iruditzen zaiela adierazi du Traña-Matienako jai batzordeko ordezkariak.

«Gure kasua berezia da. Giro berezia sortzen da». Galarzak azaldu du maiatzean Abadiñoko beste auzo batzuetan ere jaiak ospatzen dituztela. Traña-Matienakoak izan ohi dira lehenak, ordea, eta ingurutik jende asko bertaratzen dela azaldu du. Jaiak era honetan ospatzeak sortuko duen inpaktu sozial eta ekonomikoaz jabetuta daude, bere esanetan. «Tratuak ez dira berdinak izango eta asko kezkatzen gaitu egoera honek». Jaiekin aurrera egitea erabaki zuten bere garaian eta ospatzen ari dira uneotan. Besteak beste patata-tortila lehiaketa edo diskofesta antolatu dituzte egun hauetarako.

Txantrea

Antzeko egoeran daude Txantrean ere. June Etxeberria jai batzordeko kidea da eta adierazi du duela hilabete inguru hartu behar izan zutela jaiak bertan behera uzteko erabakia. «Asko bizitzen ditugu, pena handia ematen du ezin disfrutatzeak». Etxeberriak azaldu du jaietan kalean oso giro berezia sortzen dela. «Lau edo bost egun horietan asko harremantzen gara. Pena bat da aurtengoa». Ekonomikoki tabernek galerak izango dituztela gauza jakina da Etxeberriarentzat. Ikusi egin beharko dutela dio nola ematen dioten buelta egoerari.

Txantrean jaiak alaitzeko hiru trikitilariko taldetxo bat kalera ateratzeko baimena eskatu dute jai batzordetik. Udalak ukatu egin die, ordea, eskaera. «Segurtasun neurriak beteaz eta beharrezko distantziak mantenduta egitea zen gure asmoa. Ez digute aukerarik eman ordea». Ostegunetik aurrera jaien egitarau berezi horri ekingo diote Txantrean ere. Balkoietan dagoeneko animo mezu eta jai giroko kartelak jarrita daude Etxeberriaren hitzetan, eta asteburuan ez da musikarik faltako balkoietan.

Jaurlaritza Logoa