Ainara RODRIGUEZ

Zeelanda Berrian harrapatuta, Euskal Herrira ezin itzuli

Zeelanda Berriko Auckland hirian daude une honetan Debagoienako 9 herritar, hotelean konfinaturik. Itzulerako hegaldia aurreratzea erabaki zuten koronabirusaren harira, baina ez zuten hura hartzerik izan. Espainiar enbaxadak momentuz ez diela irtenbiderik eman azaldu dio Bittor Aranzabalek Naiz Irratiari.

Audio_placeholder

Zeelanda Berrian harrapatuta, Euskal Herrira ezin itzuli

Loading player...
9 debagoiendar Zeelanda Berrian daude harrapatuta
9 debagoiendar Zeelanda Berrian daude harrapatuta

Irribarrea ahoan, Bittor Arantzabalek azaldu du jubilatu kuadrila direla Zeelanda Berriko Auckland hirian harrapatuta daudenak, eta adinaren ajeren bat edo beste kenduta, oro har, ondo aurkitzen direla. Zazpi arrasatear, bergarar bat eta Amurrioko bizilagun batek osatzen dute lagun-taldea. Martxoaren 7an iritsi ziren Zeelanda Berrira, eta Arantzabalek azaldu duenez, «oso gustura» ibili dira orain arte.

Koronabirusak munduan duen garapenak, ordea, bidaia zapuztu die neurri batean. Zeelanda Berriko gobernuak lau astetarako konfinamendua iragarri berritan harrapatu ditugu euskal herritarrak; nolanahi ere, Arantzabalek azaldu du bertan «erosoagoa» ari dela izaten, «distantziak mantenduz jendea ikusten baita kalean, banaka eta binaka».

Gertaerak oso azkar pasa direla azaldu du arrasatearrak; bidaian zihoazela, jakin bazekiten Europan gauzak okertzen hasiak zirela, horregatik hegaldia aurreratzea erabaki zuten; berez, ostiral honetan, martxoaren 27an, ziren itzultzekoak. Hegaldiko txartelak eskuratzea ere lortu zuten, baina, hegazkinaren ateen aurrean geratu ziren, euren aurreko hegaldia bai, baina eurena lurrean geratu baitzen. Orain zeharo «blokeatuta» daudela dio arrasatearrak: «Dubaitik hegaldiak debekatuta daude, baita beste tokietatik ere. Saiatu gara Txiletik barrena ere bidaiatzen, baina han blokeatuta geratzeko arriskua daukagunez, bertan geratzea erabaki dugu».

Euren kabuz ari dira saiatzen Euskal Herrira bueltatzen, momentuz espainiar enbaxadak ez baitie irtenbiderik eman. Jakin badakite saiakera horietan dabiltzala, edo hala adierazi diete bertatik behintzat. Baina Arantzabalek dionez, esan diete euren kabuz bueltatzeko ahalegina egin dezatela.

Nahiz eta berrogeialdia lau astetarako ezarri den Zeelanda Berrian, Arantzabalek ez du uste denbora horretan guztian han izango direnik; hotelean konfinatuta egonik ere, «eroso eta ondo» aurkitzen direla baieztatu du.

Koronabirusaren garapenari dagokonez, momentuz ez omen da oso handia bertan, 200 bat kutsatu eta sei ospitaleratu daude. Kezka edo ardura handiagoa dute Euskal Herriko egoeragatik, «guraso helduak edota biloba txikiak» dituztelako. «Nahi duguna da etxera bueltatzea».