Live

Amaia ZURUTUZA
Interview
Garbiñe Aranburu
LABeko idazkari nagusia

«Batzuen lehentasuna etekin ekonomikoari eustea da herritarron osasunaren gainetik»

Koronabirusaren krisian eztabaidaren erdi erdian kokatu da jarduera ekonomikoa. LAB sindikatuak oinarrizkoa ez den jarduera oro eten dadila eskatu du. Beste aldean, enpresek eta gobernuek diote ezin dela industria oro gelditu, ondoren berriro martxan jartzea oso zaila litzatekeela. Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiarekin aztertu dugu egoera.

Audio_placeholder

«Batzuen lehentasuna etekin ekonomikoari eustea da herritarron osasunaren gainetik»

Loading player...
Garbiñe Aranburu. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Garbiñe Aranburu. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Oinarizkoa ez den jarduera oro etetea beharrezkoa da?

Horrela esan genuen martxoaren 13an, lehenengotarikoak izan ginen hori adierazten eta ikusten dugu egunez egun gero eta ahots gehiago batzen direla behar horretara. Guztiz zentzuzkoa iruditzen zaigu aldarrikatzen duguna eta arduragabekeria iruditzen zaigu kontrakoari eustea. Arduragabekeria ziur gaudelako oinarizkoa ez den jarduera oro etengo balitz errazago aurre egingo geniokeela larrialdi honi eta kontrakoak suposatzen du langileak gaixotzera arriskatzea eta beraien etxeetara gaixotasun hori hedatzeko aukera zabaltzea. Guk egiten dugun galdera da zenbat hildako onartzeko prest dauden Eusko Jaurlaritza eta patronala behar diren erabakiak hartu aurretik.

Hemen oso modu nabarmenean berriro ere agerian geratzen da bi ereduaren arteko talka, kapitalaren interesak lehenesten dituztenen eta bizitza erdigunean jarri nahi dugunon artean dago talka hori.

Posiblea da, egingarria da, oinarrizkoa ez den jarduera ororen etena?

Ukaezina da ondorio ekonomiko batzuk izango lituzkeela baina gaur egungo egoerak ondorio ekonomikoak ez ezik osasun ondorioak ditu, bizitzak arriskuan jartzen ari dira, hildakoak egunez egun ugaritzen ari dira, horregatik berriro esaten dugu osasuna jarri behar dela interes ekonomikoen gainetik. Hori ez egitea arduragabekeriaz jokatzea da langileon eta herritarren bizitzarekin jokatzen ari delako.

Osasun publikoaren krisia dela esaten zaigun honetan azpimarratu nahi zaigun mezua da guztiok berdin kolpatzen gaituen birus bat dela, honek ez omen du klaseetaz ulertzen. Hortik oso urrun gaudela ikusten dugu, alde batetik hau ez delako osasun publikora mugatzen den krisi soil bat, azken batean sistema honen hutsuneak oso modu nabarmenean agerian utzi dituelako eta sistema bera delako jasanezina dena eta gaixo dagoena, eta beste alde batetik, ikusten dugulako denok ez ditugula baldintza berdinak krisi honi aurre egiteko, ezberdin kolpatuko gaitu. Langileen artean bizitzen ari den egoera, hainbat sektoretan oso muturrekoa izaten ari da, batez ere oinarrizko zerbitzu horiek eskaintzen ari diren sektoreetan. Asko hitz egiten da osasugintzako langileen egoeraz, hitz egin behar da ez direlako ari behar bezalako prebentzio neurriekin lanean, baina hainbat sektore feminizatuetan langileak lanean nola dauden ere kontuan hartu beharrekoa da. Ezinbestekoak diren lan horietan, zahar egoitzetan, garbiketan, supermerkatuetan... hor ere behar bezalako prebentzio neurri egokirik gabe eta EPI egokirik gabe lanean ari direlako.

Egoera honek arrazoi ugari ematen digu esateko badaudela modu ezberdinak egoerari aure egiteko baina berriro ere kapitalaren interesak lehenetsi direla. Ikusten dugunean industrian EPIak soberan daudela eta osasungintzan edo zahar etxeetan falta dituztela, horrek zer pentsa handia eman beharko ligukela iruditzen zait eta guztiz salagarria den egoera bat dela.

Patronala, besteak beste, industria gelditu eta berriro martxan jartzea oso zaila litzatekeela ari da errepikatzen. Zer esan nahi du baieztapen honekin?

Nik uste dut azken batean ekidin nahi duten egoera bat dela, denbora irabazten ari diren egoera bat. Baina ikusita Txinatik zer nolako mezuak iristen zaizkigun, Italian zein erabaki hartu diren, Kataluniatik ere eskatzen ari dira oinarrizkoa ez den jarduera ekonomiko oro etetea, edo Murtzia bezalako autonomi elkarteetatik ere horrelako aldarrikapenak indartzen doaz, komunitate zientifikoa ere norabide horretan ari da lanean... guk ikusten dugu denbora luzatzen dabilela patronala eta inolako erantzunkizun sozialik gabe jokatzen ari dela krisi honetan.

Asko aipatzen zaigu norbanakoek daukagun erantzukizuna birusaren hedapenari muga jartzeko, estatu polizial bat ezarri zaigu, sekulako kontrol soziala daukagu, erabat mugatu dituzte gure mugimenduak. Baina oso gutxi hitz egiten da patronalaren erantzunkizun sozialaz eta patronalaren jarrera da berriro ere krisi honen kostuak langileon bizkar gainera botatzea, eta berriro ere administrazio publikoei diru laguntzak eta beraien neurrirrako zerga moldaketak eskatzea.

Ekonomia jarduera etetea eta ondoren bueltatzearen arazoa da patronalak poltsikoak gutxiago beteko dituela. Hori da arazo bakarra. Osasuna jokoan dagoenean, hildakoak ekidin daitezkeenean, arduragabekeria iruditzen zaigu. Baina horrelako patronala daukagu eta zoritxarrez instituzioetatik gehiegi babesten da patronalaren jarerra hau, instituzioetatik ikusten duguna da ez dituztela behar bezalako erabakiak hartzen eta batez ere salatzen duguna da autoritate laborala edo lan saila patronalaren mesedetan jarri dutela guztiz. Hainbat salaketa sartu ditugu lantokietan eta autoritate laborala enpresarien menpeko, bitarteko bat gehiago, bilakatu da.

Bizkaiko Cebek patronaleko buru Iñaki Garcinuñok dio Italia kenduta Europako gainerako lekuetan, baita Txinan nahiz Estatu Batuetan ere, enpresak zabalik daudela, ekonomiak funtzionatzen jarraitzen duela.

Hau Txinan hasi zen eta Txinak neurri gogorrak hartu ditu. Ikusten ari gara zenbat denbora kostatzen ari zaien egoera kontrolpean jartzea. Ondoren Italia eta estatu espainiarra izan dira kolpatuenen artean. Italiak azkenean erreakzionatu behar izan du komunitate zientifikoak eta hainbat ahotsek esandakoari kasu eginez. Baina ikusi zein den Italiaren egoera, berandu hartu dituzte neurriak. Estatu espainiarrean eta, konkretuki, Euskal Herrian, Jaurlaritzaren jarrera zein den ikusita, are eta beranduago ari dira hartzen neurriak. Berriro ere Confebaskek agintzen duela ikusten ari gara, Confebasken ahotsa da Jaurlaritza, Jaurlaritza eta Confebasken arteko diskurtsoetan ariketa bat egingo bagenu nekez aurkituko ditugu 7 diferentzia, batak zein besteak argudio berdin berdinak erabiltzen dituelako. Hori da daukagun patronala eta horregatik lantokietan borrokaren aldeko, egoera honen aurrean planto egitearen aldeko, apustua egiten ari gara. Mehatxuak ugaritzen ari dira lantokietan, tentsio handiarekin lan egiten ari dira hainbat enpresetan, enpresariek moztu nahi dutelako langileen borrokarako gaitasuna eta plantorako aukera. Baina guk oso argi daukagu jarraitu behar dugula lantokietan prebentzio neurri egokiak eskatzen eta presionatzen eta ez dugula ontzat emango krisi honen ondorio guztiak langileon bizkar gainera erortzea.

Oso kontziente gara hemendik atera ondoren ere batzuek austeritate politikak eta poltika neoliberalak justifikatu edo ezarri nahiko dituztela. 2008ko krisiaren ondorengo errezeta berdinak aplikatu nahiko dituztela, baina guk esaten duguna da horren aurrean ofentsiba bat antolatu beharko dugula, borroka sindiakala dela bidea.

Kontuan izanda Euskal Herria greba orokor batetik datorrela, aktibazio sozial oso garrantzitsu bat eman dela salbuespen egoera honen aurretik eta orain ere ikusita jendeartea nola erantzuten ari den, penstatzen dugu jendeak ulertzen duela hemendik aurrera ere eredu berri baten aldeko borrokan jarraitu beharko dugula. Hori da gure erronka une honetan, momentukoari erantzun baina aurrera begira ere perspektiban jarri hau ez delako bi edo hiru astetan bukatuko den kontu bat izango.

Bitartean, lanean ari diren langileen osasuna arriskuan dago?

Oso modu nabarmenean oinarrizko zerbitzuetan ari diren langileetan. Osasungintzan zuzen-zuzenekoa da arriskua, gaixoekin lan egin behar dute, arriskuaren lehen lerroan daude eta ez dituzte bitarteko egokiak lan horretarako. Oso modu nabarmenean ere eta oso salagarria da zahar etxeetan gertatzen dena edo etxez etxeko laguntzan dauden langileen babesgabetasun egoera, zer esanik ez etxeko langileen egoera.

Azken urteetan zerbitzu publikoen pribatizazio eta merkantilizazio politikak hainbat murrizketetara eraman gaitu bai osasungintzan bai sektore guzti horietan. Hasteko behar den langile kopururik ez dago egoerari aurre egiteko, langile kopurua oso mugatua da. Babes neurri egokirik gabe ari dira lanean, kasu askotan norberak bere EPIak egin behar ditu,. Etxe batera adineko bat zaintzera joan behar duen pertsona batek bere buruaz arduratu behar du bere enpresak ez diolako bermatzen EPI hori. Supermerkatu hainbatetan ere salaketak sartu behar izan ditugu zein baldintzetan lanean ari ziren ikusita.

Aldiz, industrian ikusten duguna da, hainbat eremu industrialetan, planteatzen diren distantziak betetzea ezinezkoa dela, garbitasunari, desinfekzioari dagozkion neurriak ezinezkoak direla. Prebentzio planak eguneratzea eskatzen ari gara eta askotan lantokietan ez dugu horretarako borondaterik ikusten. Aldiz, EPIak ekartzeko sekulako esfortzua egiten ari dira baina guretzat salatzekoa da eremu industrialetan EPI horiek pilatzen joatea eta osasungintza bezalako sektoreetan faltan izatea.

Gertatzen ari diren hainbat gauza  nahiko ulergaitzak dira logika humano batetik baina nahiko ulergarriak lehentasunak non dauden ikusita,. Lehentasuna da produkzioari eustea, beste guztiaren gainetik, batzuen etekin ekonomikoari eustea langileon bizitzaren eta herritarron osasunaren gainetik. Hori da momentu honetan daukagun errealitatea eta horren aurka, alarma egoerak ezartzen dituen mugapenen barruan ari gara erantzuten lantokietan eta beste maila batean ere herritarrak ari gara erantzuten gure etxeko balkoietatik, egun hauetan salaketarako gune bilakatu zaizkigun balkoietatik.

Bitartean milaka aldi baterako lan erregulazio aurkeztu dira (ERTE). Zer da ERTE bat, zer zehaztu du gobernu espainiarrak ERTEen inguruan eta zer gertatuko da langile eta lanpostu hauekin?

Gobernu espainiarrak hartutako neurriak eskasak zirela baloratu genuen bere momentuan, ikusten dugulako gehienbat enpresen beharrei begira eginak daudela. Espainiako Gobernuaren aldetik ere ez da etorri oinarrizkoa ez den jarduera eteteko erabakirik. Egin dena da ‘fuerza mayor’ esaten den kasuetan ERTE horiek aurkeztu ahal izatea. Enpresetan eskatzen duguna da langileek ez kosturik asumitzea, langileek soldataren %100 eskuratu beharko lukete.

Enpresetan negoziaziorako borondate falta handi bat aurkitzen ari gara, eta kasu batzuetan txantaia handi bat osagarriak negoziatu nahi baditugu. ERTE horietan eskatzen zaiguna da sinatzea onartezinak diren konpromiso batzuk. Zein zentzutan? Ba prebentzio neurri egokirik hartu ez eta langileok hori ontzat ematea osagarri ekonomikoaren trukean. Hori da enpresetan bizitzen ari garen egoera, presio askorekin bizitzen ari garen egoera eta tentsio momentuak izaten ari dira.

Beste aldetik aipatu behar duguna da ERTErik gabe milaka eta milaka lanpostu suntsituko direla datozen hilabetetan, jadanik hasi da errealitate hori ikusten. Enplegu galera horiek indibidualki eragingo diete batez ere sektore feminizatuetan ari diren langileei, lehen ere baldintzarik prekarioenak zituzten emakume horiei.

Egoera nahiko latza da langileontzat. Zoritxarrez geratzeko etorri den egoera bat da eta horregatik aurrera begirako perspektiban jarri behar dugu. Beldur eta ziurgabetasun egoera baliatuz berriro ere hemendik ateratzeko politika neoliberalen beharra justifikaten saiatuko dira. Guk oso argi dugu errelato hori eraikitzen ez dugula utziko, horren aurka borroka ideologiko handia egin beharko dugula eta tokatzen zaiguna dela ekintza sindikala eta mobilizazioa aktibatzea.

Uste duzu langileria ari dela egoera honen kontzientzia hartzea?

Uste dut langileak salbuespen egoera honen aurrean, orohar, herritarrok, norbanakook, oso azkar egokitu behar izan dugula, neurri batetik bestera joan garelako, onartu behar izan dugula ze fasetan gaunden. Baina berriro diot Euskal Herrian bagatozela aktibazio sozial oso garrantzitsu batetik, urtarrilaren 30ean greba orokor arrakastatsu bat egin genuela, bizitza duinaren aldeko aldarri argi bat egin genuela. Egun gertatzen dena greban salatu genuen eredu ezberdinen talka horretan beste adibide bat gehiago da.

Alarma egoera honetatik ateratakoan Euskal Herrian sortuak daude baldintzak aktibazio sozial horrekin jarraitzeko, mobilizazioaren bidetik jarraitzeko eta benetan borrokak aktibatzeko, krisi honek eragingo duen krisi ekonomiko eta sozialaren ondorio guztiak gure bizkar gainean ez erotzeko.

Jaurlaritza Logoa