Naiz Irratia

Saioa Ventura (EHUko Energia Berriztagarriak): «Manipulatzen ari diren sentsazioa dugu»

Saioa Ventura EHUko Energia Berriztagarrien ikaslea da, Eibarko fakultatean. Greba eguna deitu dute asteazken honetan bertako ikasleek, besteak beste unibertsitateari euren «osasunaren inguruko erantzukinak» eskatzeko.

Audio_placeholder

Saioa Ventura (EHUko Energia Berriztagarriak): «Manipulatzen ari diren sentsazioa dugu»

Loading player...
Eibarko ikasleak, greban. (Juan Carlos URIZ | FOKU)
Eibarko ikasleak, greban. (Juan Carlos URIZ | FOKU)

Saioa Venturak azaldu duenez, Eibarko Ingenieritza Fakultateko ikasle guztiek deitu dute gaurko greba, «denok pairatzen baititugu Zaldibarko zabortegiaren ondorioak». Argitu du, halaber, gaurkoa lehen greba eguna dutela, baina egun gehiago ere etor litezkeela; izan ere, «osasuna bermatzen den arte» unibertsitateari «erantzukizunak» eskatu dizkiete, «klaseak etetea edo beharrezko neurriak hartzea». Hala ez balitz, protesta egun gehiago izango lirateke.

Salatu du Venturak unibertsitatearen aldetik jaso duten informazio bakarra e-posta mezu bat izan dela, eta Osakidetzak emandako gomendioak jasotzera mugatu dela -alegia, leihoak itxi eta kalean kiroletik ez egitea-. Horrek euren artean «izua» zabaldu duela dio, batzuk «etxerako bidea hartu» dutela ere ziurtatu du. «Geratu garenok geratu gara egoera salatzeko; batetik, normaltasuna trasmititu nahi digute klasera joatera behartuz, baina bestetik, e-posta mezu hori bidaltzen digute, gure artean segurtasun falta areagotuz».    

Venturak baieztatu du egunotan sumatu dela Zaldibarko zabortegiaren kiratsa arnasterakoan. Haizeak nondik jotzen duen, asko nabari dela dio, baina nola nahi ere, uste du han egotean usainera «ohitu» ere egin direla.

Egunero datu berriak kaleratzen direla eta, Eibarko ikasleak dio honezkero «ez dakitela zertaz fidatu eta zertaz ez». «Manipulatzen ari diren sentsazioa dugu», erantsi du.  

Venturak azpimarratu du Energia Berriztagarrien ikasleak diren heinean, oso sentsibilizatuta daudela gaiarekin; «azken urteetan egin duten guztiarekin ingurumenari sekulako inpaktua eragin dio». Kasu honetan, Verter Recycling enpresak eta Lakuako Gobernuak erantzukizunak dituztela esan du Venturak, baina «preokupatzen dien kontu bakarra dirua pilatzea» dela ziurtatu du, «ez ingurumenak, ez eta langileen lan baldintzak ere».

Venturak ikusten du «klima aldaketa» guztion ahotan dagoela azken aldian, baina ez ditu ikusten «aldaketa errealak guregan, ez industrian, ezta politikan ere». Ikasleak dio hori «kontzientziazio faltari» leporatzen zaiola askotan, baina bere ustez «gehiago zentratu behar gara instituzioetan, egiten den produkzio masibo horretan».

Zentzu horretan azpimarratu du energia iturri berdeak direla etorkizuna. «Bere iturri guztiak bukatu zaizkiola esaten ari zaigu ama lurra eta beste batzuetan hasi behar gara bilatzen».