Live

Naiz Irratia

Iraitz Lazkano: «Guri ez digute ezer komunikatu. Ezer ere ez»

Otsailaren 10ean Lakuak sortutako krisi mahaitik kanpo dago momentuz Elgetako Udala. Iraitz Lazkano da bertako alkatea eta behin eta berriz salatu du mahai tekniko horretan sartzeko eskaera egin arren, ez dutela erantzun formalik jaso. Naiz Irratian adierazi du Elgetako herrigunea Eitzagako zabortegitik 4 kilometrora dagoela.

Audio_placeholder

Iraitz Lazkano: «Guri ez digute ezer komunikatu. Ezer ere ez»

Loading player...
Iraitz Lazkano. (Gorka Rubio/@FOKU)
Iraitz Lazkano. (Gorka Rubio/@FOKU)

«Guretzako erabat ulergaitza da». Iraitz Lazkano Elgetako alkatea kezkatuta aritu da Informazioaren Harian. Azaldu du mahai teknikoa sortu zenetik astebete igaro denean oraindik ez dutela inolako berririk izan. Salatu du Elgetako herrigunea Eitzagako zabortegitik gertuago dagoela Zaldibarkoa baino. «Elgetako lurretatik 200 metrora dago zabortegia».

Lazkanok gaineratu du ertzainekin eta larrialdi zerbitzuetako langileekin ere jarri direla harremanetan. «Ez dute gertatzen dena ulertzen, baina azalpenik ere ez digute ematen». Bien bitartean, Lakuako gobernuak etxeak ez aireztatzeko eta aire librean kirolik ez egiteko gomendioak zabaldu ditu Eibarko, Ermuako eta Zaldibarko bizilagunen artean. Alkateak adierazi du herrira Jaurlaritzaren gomendiorik iritsi ez zaien arren antzerako neurriak zabaltzen hasi direla herritarren artean.

Orain artekoa ikusita, aireko azterketak egiten jarraituko dutela adierazi du Lazkanok. «Badakigu Elgetan neurketak egiten ari direla. Udalari ordea ez zaio ezer abisatu». Jasotako komunikazio falta eta interes falta salatu nahi izan ditu era berean. Beharrezkoa bada herritarren artean gomendioak berriro zabalduko dituztela azpimarratu du.

Astelehenean Ermuan egin zuen mahai teknikoak herritarrekin bilera. Lazkanok adierazi du hurrengoan Eibarren egingo dela, hurrengoan Zaldibarren eta horrela jarraituko dutela herriz-herri saltoka. Dinamika horretan Elgeta barnean ez hartzea salatu du Lazkanok. 

 

 

Jaurlaritza Logoa