Live

Naiz Irratia

Arriola sailburuaren «trikimailua», Mikel Otero

Zaldibarko ezbeharrean Jaurlaritzak izan duen jarrera salatu du Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak. Iñaki Arriola sailburuak atzo egin zuen «trikimailua» azaldu du NAIZ Irratian. Legebiltzarrean aurkezteko prest agertu zen, Urkulluk hauteskundeak aurreratuko zituenaren jakitun. 

Audio_placeholder

Arriola sailburuaren «trikimailua», Mikel Otero

Loading player...
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Mikel Otero EHBilduko parlamentariarentzat «harrigarria eta guztiz arbuiagarria da» Iñigo Urkullu lehendakariak Zaldibarrera ez joateko eman dituen arrazoiak. «Ez da onargarria inondik inora horrelako ezbehar larria dagoenean, kudeaketa desastre bat egin eta gero, lehendakariak prentsaurreko bat eskaini eta hitzik ez esatea gertatu denaz. Ezta senitartekoei enpatia minimoa erakusteko ere», azaldu du Oterok. 

Ziurtatu du honek guztiak ondorioak izango dituela, Legebiltzarra disolbatuta ere, Diputazio Iraunkorrean lehendakariaren urjentziazko agerraldia lortzen saiatuko baita EHBildu. «Lehendakaria da instituzio maila gorena eta erantzunak eman behar dizkio larrialdiari. Bere presentziak akaso ez du lagunduko ezbeharra azkarrago konpontzen, baina ordezkaritza instituzionala beharrezkoa da. Familiari gertutasuna erakutsi eta egoeraren larritasunari zigilua jarriko lioke». Gogoratu du, gainera, lehendakaria dela azken finean babes zibileko ordezkari nagusia. «Ez da onargarria eduki duen jarrera», azpimarratu du Oterok. 

Urkullu ez ezik, EHBilduko parlamentariak ziurtatu du jende asko egon dela desagertuta azken egunetan. Iñaki Arriola Ingurumen sailburua izan du gogoan: «Zalantzarik ez dago Arriola ere ezkutuan ibili dela egunotan. Gainera ardura pertsonalak ditu kontu honetan. Ingurumen departamentuaren arduradun den heinean, kontrol lanak bere gain daude».

Auziaren inguruko presioa handitzen joan den moduan, Arriolak keinu bat egin nahi izan zuela dio Oterok; Ingurumen sailburuak premiazko agerraldia eskatu zuen Eusko Legebiltzarrean atzo, «azalpenak emateko prest zegoelaren irudia emateko», baina trikimailua izan zen Oteroren ustez: «Berak bazekien Urkulluk hiru ordu beranduago hauteskundeen iragarpena iragarriko zuela eta Legebiltzarra desegin egingo zela. Eskaera hori erregistratu zuen atzo Zalbidarren eskaini zuten prentsaurrekoan bere burua zuritzeko». Legebiltzarreko legelariak, ordea, ohartu ziren egunean bertan eman zitzakeela Arriolak azalpenak, baina aukera hori eskainita, sailburuak atzera egin zuen «azkarregi» zela argudiatuta. «Hori ez zuen espero Arriolak, kalkulo txar bat egin zuen. Oso larria dela iruditzen zait», ziurtatu du Oterok.

Oteroren ustez, galdera asko geratzen dira oraindik erantzun gabe. «Zer ari zen gertatzen han?», galdera hori egiten dio bere buruari Oterok. «Gai iluna dago hor eta badirudi Lakuak ere badakiela hori. Beraien irudia zabortegiarekin lotuta jartzeak jakin gabe ikerketek zer esango duten... akaso beraien burua zikintzen dute». Gauza asko daude argitzeko, eta auziak luze joko duela baieztatu du Oterok.

Une honetan hiru premiazko aspektu ikusten ditu Oterok: desagertuta jarraitzen duten langileen -Alberto eta Joakin- bilaketa, eta airearen eta uraren kalitatea behar bezala neurtzea. 

Oterok uste du hausnarketa sakona egin behar dela zabortegien inguruan. Beste herrietan zabortegiak dituzten bizilagunen kezkak jasotzen ari direla dio: «Zabortegiz betetako Euskal Herri bat eraikitzen ari gara, eta honek lehen mailako eztabaida merezi du».

Hauteskunde erronkarako prest

Urkullu lehendakariak atzo hauteskundeen aurrerapena iragarri zuela eta, Oterok dio EHBildu prest dagoela erronkarako. «EHBildu prest dago, ez gaitu aldrebestuta harrapatzen».

Urkulluk legealdia amaitutzat emateko arrazoiaren atzean «pilatzen ari zaizkion arazoak daude», Oteroren ustez. Gaineratu du ez duela «ekimen politiko nahikorik agindu zituen gauzak aurrera eramateko».

Jaurlaritza Logoa