Live

Naiz irratia

Jon Fano: «Atzoko grebarekin oso pozik gaude pentsiodunak, baina gobernuen jarrera ikusita hurrengo astelehenean kaleak hartuko ditugu berriro»

Pentsiodunak ere «oso pozik» daude atzoko grebaren emaitzarekin. Bizkaiko pentsiodunen plataformako Jon Fanok NAIZ Irratian gazteen presentzia azpimarratu du eta gobernuen jarrera ikusirik astelehenetako protestei eutsi beharko diotela nabarmendu du. 

Audio_placeholder

Jon Fano: «Atzoko grebarekin oso pozik gaude pentsiodunak, baina gobernuen jarrera ikusita hurrengo astelehenean kaleak hartuko ditugu berriro»

Loading player...
Pentsiodunak Bilboko mobilizazioan. (Marisol RAMIREZ/ FOKU)
Pentsiodunak Bilboko mobilizazioan. (Marisol RAMIREZ/ FOKU)

Jon Fano Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko bozeramalea izan dugu ‘Informazioaren Haria’ saioan Urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu zuen grebaz hizketan. Adierazi du pentsiodunak «oso pozik» daudela atzoko grebak, zein egunean zehar egin ziren mobilizazioek, izan duten oihartzun zabalarekin, eta nabarmendu du horietan milaka pentsiodunek hartu zutela parte.

Adierazi du Bilbon eguerdian egin zen manifestazioa benetan «ikusgarria» izan zela. 50.000 pertsona inguru bildu zirela bertan, eta balioan jarri nahi izan du pentsiodunak ez ezik, emakumeak, gazteak, nekazariak... den-denak elkarrekin borrokan aritu izana.

Fanok esan digu herritarrak geroz eta kontzientziatuagoak daudela pentsiodunen mugimendua, erretiratuez gain, gizarte osoarentzat lanean dabilen mugimendu bat dela. Horren adierazle moduan kontatu du azken hilabeteetan beste mugimendu sozialetan parte hartzera gonbidatuak izan direla pentsiodunak.

Urtarrilaren 30ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan zein gainontzeko eskualdeetan izan ziren mobilizazioetan, milaka eta milaka gazte ikustea pentsiodunentzat eta adineko pertsonentzat bereziki hunkigarria izan zela nabarmendu du Fanok. Emozioz beterik bizi zutelako euren seme-alabak eta bilobak kalean eurekin batera oinarrizko eskubideen alde borrokan ikustea.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin bat eginez, Bizkaiko pentsiodunen mugimenduko bozeramaleak esan digu urtarrilaren 30ekoa «izugarria» izan bada ere, hau ez dela ezeren amaiera. Eta Espainiako, Nafarroako eta EAEko gobernuek duten jarrera ikusirik, euren aldarriak errealitate bilakatu arte borrokan jarraituko dutela. Hortaz, Fanok aurreratu digu hurrengo astelehenean berriro kaleak hartuko dituztela Hego Euskal Herriko pentsiodunek.

Jaurlaritza Logoa