Live
Atzoko Guardia Zibilaren operazioaren atzean estatu aparatuak daudela uste du Arkaitz Rodriguez, Sortuko idazkari nagusiak. Espainiako Gobernuari dei egin dio NAIZ Irratian eskainitako elkarrizketan, «PSOE eta Podemosen gobernuak saiatu behar du estatu sakona kate-motzean lotzen, beharerzko aldaketa eta mugimenduak egintez». Gehitu du «gutxienez distantzia kritiko nabarmen bat» jarri beharko lukeela Espainiako Gobernuak, «bestelakoan ondorioa litzateke partekatu egiten dutela estatu sakonaren jarduera eta erasoak».
Rodriguezen arabera «gaur-gaurkoz Espainian eratu den gobernua ez da estatu sakon horren gustukoa» eta horren adierazle jo ditu Pedro Sanchezen inbestidura saioaren inguruan izandakoak, «aurreko asteetan eskuinaren eta eskuin muturraren aldetik ofentsiba nabarmena jarri zen martxan inbestidura galarazteko».
EH Bilduk ahalbidetu du gobernu berria, «sortu denaren moduko gobernu bat baldintzagarriagoa» delako, «aukera gehiago eskaini ditzake Euskal Herriko nahiz Kataluniako gatazka politikoaren arrazoeien bidean aurrera egin ahal izateko».
Frankismoaren haria
Espainiako Estatuan «gizartearen gehiengo zabalaren nahia oztopatzeko edozer egiteko prest dauden sektore boteretsuak» daudela adierazi du Rodriguezek, eurek «bultzatu edo agindu» dituzte atzoko operazioak Euskal Herriko nahiz Kataluniako gatazka politikoaren arrazoien inguruko eztabaida ekidin nahi dutelako, bere esanetan, «eztabaida hori termino demokratiko eta politikoetan emanez gero galdu egingo dutela badakitelako».
Aurrera begira jartzeko beharra nabarmendu du, «herri honek aspaldi egin zuen bestelako errealitate bat zabaltzearen aldeko apustua, bake eta normalizazio eskenatoki baten aldekoa».