Live

Naiz Irratia

Paris 365: «Oso eskertuta gaude, oraindik badago jende solidarioa»

100.000 euroko zorra pilatu ostean 70.000 euro inguru biltzea lortu du bazterketa soziala jasaten duten pertsonei laguntza eskeintzen dien Paris 365 jantoki sozialak. Bertako Mikel Legarrarekin izan gara.

Audio_placeholder

Paris 365: «Oso eskertuta gaude, oraindik badago jende solidarioa»

Loading player...
Iruñeako Paris 365 jantoki soziala. (Iñigo URIZ/FOKU)
Iruñeako Paris 365 jantoki soziala. (Iñigo URIZ/FOKU)

100.000 euro biltzeko helburua jarri zuen mahai gainean Paris 365 jantoki sozialak abenduan. 70.000 euro inguru bildu dituzte dagoeneko norbanakoek egin dituzten ekarpenekin. 3 eta 3.000 euro artekoak izan dira jaso dituzten zenbatekoak. Eskertuta mintzatu da jantokiko kide Mikel Legarra, «ikaragarria izan da, ez genuen inondik espero erantzun hau, ez bakarrik diruagatik baizik eta babesa, deiak, mezuak...ikaragarria izan da erantzuna eta oso pozik gaude zentzu honetan». Legarrak gaineratu du erantzun honek erakusten duela «oraindik badagoela jende solidarioa».

Urtarrilean zehar diru bilketarekin segiko dute. Oraindik enpresen eta instituzioen diru ekarpenak jaso behar dituzte, beraz, jantokiak duen 100.000 euroko zorra ordaintzeko 70.000 euro baino gehiago eskuratuko dituztela aurreikusten dute.

Iruñeako Paris 365 jantoki soziala duela 10 urte sortu zuten «kale gorrian» zegoen jendeari «otordu minimo bat» emateko egunero euro baten truke. Hamarkada batean 300.000 otordu eman dituzte. Une honetan 50 bat laguni ematen diete egunero gosaria eta bazkaria eta 30 ingururi afaria. Legarrak azaldu digu egitasmoa martxan jarri zenetik diru laguntzak jaso dituztela. Ordea, une batean, hainbatek krisiaren amaiera iragartzen zuten bitartean, instituzioen diru laguntzak eta ekarpenak, oro har, murriztu egin ziren. Garai horretan, Paris 365 proiektu berriak ari zen garatzen, etxebizitzen zerbitzu bat, katering bat eta umeentzako zerbitzu bat zehazki. Aurreikusten zituzten diru laguntzak jaso gabe, «egoera zaila» sortu zen, 100.000 euroko zorra hain justu.

Paris 365era joaten diren lagunen inguruan, Legarrak azaldu digu asko lotsatu egiten direla bizi duten egoera prekarioaz. Ordea, «guk uste baino jende gehiago dago oso momentu zailak pasatzen», baieztatu du. Ezberdintasun sozialak ez direla murriztu, alderantziz, handitu egin direla uste du gainera «batzuk agian askoz hobeto daude baina beste batzuk askoz okerrago». Askok uste dutenaren kontra, Paris 365 jantokiko erabiltzaile asko bertakoak direla, ez direla atzerritarrak zehaztu du. «Guk despensa zerbitzua ematen diegu 60 familiari, 350 pertsonari, eta bertako familiak dira».

Oraindik zabalik dago ekimen sozial honi diru ekarpena egiteko aukera, baita bazkide egiteko aukera ere.

Jaurlaritza Logoa