Live

Naiz Irratia

EH Bildu: «Chiviteren gobernuarekin aurrekontuen inguruan akordiorako aukerak egon daitezke»

Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen inguruan aritu gara EH Bilduko Bakartxo Ruizekin. Nafarroako Foru Berriari Espainiako gobernuak ezarri dion helegiteaz eta trafiko eskumenaz ere galdetu diogu.

Audio_placeholder

EH Bildu: «Chiviteren gobernuarekin aurrekontuen inguruan akordiorako aukerak egon daitezke»

Loading player...
PSNko Ramon Alzorriz Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araizekin hizketan Nafarroako Legebiltzarrean. (PARLAMENTO DE NAFARROA)
PSNko Ramon Alzorriz Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araizekin hizketan Nafarroako Legebiltzarrean. (PARLAMENTO DE NAFARROA)

Nafarroako Foru Berriaren aurka Espainiako Gobernuak aurkeztu duen helegite hizpide hasi dugu EH Bilduko Bakartxo Ruizekin Naiz Irratian izan dugun solasaldia. Lehenik pasa den legealdian Nafarroako Parlamentuak onartu zuenaren inguruko xehetasunak eskatu dizkiogu. Azaldu digu Nafarroako Foru Zibilak edo Zuzenbide Zibilak 500 legetik gora biltzen dituela eta gaurkotu egin zutela azken legealdian. Ruizek gaineratu du Nafarroak «betidanik» izan duela «eskumen esklusiboa zuzenbide zibil propioa izateko».

1973. urtetik ez du aldaketarik jasan Foru Zibilak. «Hiru urtez izugarrizko lana» egin ostean iritsi zen moldaketa, Parlamentuko indar politiko guztien aldeko bozkarekin. EH Bilduko ordezkariak baieztatu du «izugarrizko aurrerakuntza» izan zela «hainbat lege gaurkotzeko» eta XXI. mendeko zuzenbide zibil «erabilgarri» bat finkatzeko.

Espainiako Gobernuak Foru Berriaren aurka aurkeztu duen helegitea «larria» dela salatu du, «Nafarroak dituen burujabetza eskumen urrien aurka» egitea delako eta, aldi berean, «herritarren eskubideak bermatzeari begira izugarrizko aurrerabidean» jartzen zuelako Nafarroa.

Azalpenak nahi ditu EH Bilduk, bai Espainiako Gobernuaren azalpenak, baita Nafarroako Gobernua osatzen duten alderdienak ere. Juridikoki, Ruizek argi du Foru Berrian arautu zituzten eremuetan «eskumen esklusiboa» duela Nafarroak.

Nafarroako gobernaren izenean Javier Remirezek erabakia ez dela positiboa, baina ez dela «dramatizatu» behar adierazi du. Ruizen esanetan «beraien burua zuritu behar dute baina larria da egoera». Atzera begira, azken urteetan «jarrera zentralizatzaile bortitz» batek, Auzitegi Konstituzionalaren bidez, Nafarroan onarturiko 17 lege atzera bota dituela salatu du.

EH Bilduko ordezkariak gogoratu du azken aldian PSOEk elkarrizketa defendatu eta judizializazioa atzean utzi behar dela aldarrikatu duela. Maria Chivitek berriki esandakoak ere ekarri ditu gogora, «Chivite entzun dugu esaten Nafarroako autogobernua ulertzen duen Espainiako Gobernu bat izatea onuragarria izan daitekeela». Egoera honetan, hitzetatik haratago, ekintzak eskatu ditu.

Ekintza bat jada eskatu dio EH Bilduko ordezkariak Nafarroako Gobernuari, «Nafar Gobernuak berak eskatu behar dio Espainiako Gobernuari helegitea bertan behera utz dezan. Ez dakit alderdi sozialistak baduen barne mailan komunikazio gaitasuna. Ez dakit komunikazio faltagatik den hau, hala bada konpondu dezatela. Eta afera politikoa bada, nafar parlamentuak eskatu behar dio Espainiako Gobernuari helegitea bertan behera uzteko».

Oro har, Ruizek baieztatu du azkeneko urteetan agerian gelditu dela «herritarren eskubideak defendatzeko eta politika aurrerakoiak egiteko burujabetza nahikorik» ez duela Nafarroak. «Bere momentuan inposatu egin ziguten Foru Hobekuntza, herritarrok ez genuena bozkatu, eta bada momentua eztabaida hori irekitzeko», gaineratu du.

Aurrekontuak

Nafarroako gobernuak 2020ko aurrekontuak onartzeko helburua esku artean duela, EH Bildu eta gobernua hizketan ari direla baieztatu digu Ruizek. «Ari gara biltzen, momentu honetan ezin dugu esan akordiorik dagoenik. Gobernua mugitu egin beharko da akordioa nahi baldin badu. Bai aurrekontuen edukiarekin eta baita konpromiso politiko zehatz batzuekin ere».

Bi aukera ditu Chiviteren gobernuak Ruizen esanetan, «eskuinera begiratzea, Navarra Sumarekin bide bat egin, edo ezkerra. Momentu honetan uste dugu aukerak egon daitezkeela EH bildurekin zerbait adosteko».

Atzera begira, EH Bilduko ordezkariak aitortu du «erabaki zaila» izan zela Chiviteren inbestidurari bide ematea, baina uste du «asmatu» zutela. Orain, «aurrekontuen inguruan bidea geratzen zaigun arren aukerak egon daitezke akordio baterako», baieztatu du.

Argi esan du gobernuaren aurrekontuak ez direla EH Bilduk diseinatuko lituzkeenak baina gobernua mugi arazten saiatzen ari direla gaineratu du, gastu sabaia igo dezan, politika feministetan sakondu dezan, baita eskubide sozialetan ere, besteak beste. Oro har, «zenbakiez harago gure helburua gobernuaren politiketan eragitea da», gaineratu du.

Trafiko eskumena

Amaitzeko trafiko eskumenaz aritu gara. Sanchezen inbestidurarako negoziazioetan EAJk eta PSOEk trafikoa Nafarroaren esku uztea adostu zuen arren, Ruizek gogoratu du gai hau aspalditik dagoela mahai gainean. Eskumenaz, «Foruzaingoak esklusiboan» izan behar duela defendatu du, eskuinak Guardia Zibilarekin partekatzea defendatzen duen bitartean. «Eskuduntza Nafarroak hartzen badu Foruzaingoak esklusibitatean izan behar du, eta ez soilik trafikoan, Foruzaingoaren ereduaz hitz egin behar da eta aurreko laukoak behintzat garbi genuen Foruzaingoak esklusibitatean jardun behar duela Nafarroan».

Jaurlaritza Logoa