Live

Naiz Irratia

Desazkunde turistikoa, Donostian bizi nahi duten herritarren aldarria

Gipuzkoako hiriburuaren turistifikazioak kezka sortu du hiriko eragileengan. Gentrifikazioa, prekarietatea, saturazioa, kutsadura akustikoa edota alokairuen garestitzea... asko dira hiria kanpotarrei begira eraikitzearen albo-kalteak. Arazoaz hausnartzeko egin duten mahai-inguruan izan gara.

Audio_placeholder

Desazkunde turistikoa, Donostian bizi nahi duten herritarren aldarria

Loading player...
Turistifikazioaz hausnartzeko mahai ingurua egin dute Donostiako zenbait eragilek. (@bizilagunekin)
Turistifikazioaz hausnartzeko mahai ingurua egin dute Donostiako zenbait eragilek. (@bizilagunekin)

'Bizilagunekin' plataformak antolatuta, turistifikazioaren arazoaz hausnartzeko mahai-ingurua egin dute Amara auzoan. Donostiako zenbait eragilek parte hartu dute: Parte Zaharreko bizilagunen elkarteko ordezkariak, Antigua auzoko Heriz Bizilagunen elkarteko kideak eta baita LGTB+ eskubideak defendatzen dituen Harro plataformako kideak ere. Euren iritziak jaso ditugu.

Hotel eta etxebizitza turistikoen irekiera handiaz gain, ostalaritzaren hazkundeak eragin nabarmena izan du Donostiako Parte Zaharrean. Xabier Arberasek salatu du pintxoen parke tematiko bihurtu dutela euren auzoa: «Duela 25 urte ikusi genuen prozesu hau hasiko zela. Sektore horrekin lotuta arazoak etorri ziren: kutsadura akustikoa itzela da, baina egun ez dago gure etxebizitzen tarterik kutsatu gabe».

Hiriko leku ezberdinetan errealitateak ere aldatzen dira. Antigua auzoan, esaterako, ostalaritzak ez du oraindik halako hazkunderik jasan, baina bizilagunak hasi dira sumatzen hotelen neurririk gabeko eraikuntza, Luisa Sole Heriz Bizilagunen elkarteko kideak salatu duenez: «Mojek komentua saldu zuten eta arauetatik at egin zituzten zenbait erreforma».

LGTB+ kolektiboari bideratutako hotelaren irekiera berria ere gaitzetsi dute mahai inguruaren atarian. Harro plataformatik Joseba Gabilondok salatu du mugimendu sozialaren izenean gentrifikazioa sustatzea: «Auzoa txikitu eta hiriko bizitza txikitu egiten dute aniztasunaren kartela jarri eta purpurina pixka batekin 'gayfriendly' deitzen dioten. Salatu nahi dugu nola erabiltzen dituzten gure aldarriak 'pinkwashing'-a egiteko».

Bizilagunekin plataformari ez dio balio turismo jasangarriaz hitz egiteak. Hiria bizigarri izan dadin, desazkunde turistikoa aldarrikatu du Eihar Egaña, plataformako kideak: «16 proposamen aurkeztu genituen desazkunde turistikorako. Gaur egun ematen ari den eredu turistikoa da arazoa, turismo jasangarriaren diskurtsoa bukatuta dago: desazkunde turistikoarekin, administrazioak ezin du egin tranpa diskurtsiborik».

Jaurlaritza Logoa