Live

Naiz Irratia

«Bizia duen oro zaurgarria da eta horren zaintzak batu behar gaitu»

'Pilulak' lelopean egingo dute aurten Feministaldia. Abenduaren 12, 13 eta 14an Kontadoresen izango da Kultura Feminista jaialdiaren hamalaugarren edizioa. Josebe Iturrioz koordinatzaileak azaldu digu zaurgarritasuna izango dutela ardatz nagusi.

Audio_placeholder

«Bizia duen oro zaurgarria da eta horren zaintzak batu behar gaitu»

Loading player...
Feministaldiaren datozen egunetako egitaraua aurkeztu dute. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Feministaldiaren datozen egunetako egitaraua aurkeztu dute. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Zaurgarritasunari begira jarriko dira aurtengo Feministaldian. Josebe Iturrioz koordinatzaileak azaldu dizkigu kultura feministaren jaialdiak aurten izango dituen ildo nagusiak: «Konturatzen ari gara bizitza duen guztia zaurgarria dela. Hori ikusarazi nahi genuen Feministaldian. Diskurtso feministetan, horren aldarria geroz eta handiagoa da. Unibertsal egiten gaituen elementu bakarra zaurgarria izatea da».

Zaurgarritasunaren baitan, ertz asko ukituko dituzte Feministaldian. Horietako bat buru-osasuna izango da, koordinatzaileak azaldu digunez: «Eromena birdefinitu behar da. Zauriak dokumentalean oso ondo ikusten da hori. Ulertu behar da gizarteak erotasuna sortu egiten duela. Denok egon gaitezke momentu batean erotasunean, antsietatea badugu, depresioa badugu... gaixotasunaren eta osasunaren arteko dikotomia apurtzea funtsezkoa da».

Gaur egun ulertzen dugun medikuntzaz ere hausnartuko dute: «Adituak eta pazienteak alde batera utzi behar ditugu eta gorputzen patologizazioaz denok hausnartu behar dugu. Hitza eman behar zaie patologizazio hori jasaten duten gorputzei. Izan daiteke transexualitatea, baita buru osasuna ere... guretzako oso inportantea den ahotsa emango digute. Ez aditu izaeratik, baizik eta euren bizipenetik».

Zaurgarritasunaren garrantzia nabarmendu du, halaber, Iturriozek: «Oso inportantea da, delako elementu unibertsala denok berdintzen gaituena: denok gara zaurgarriak, denok interdependenteak. Besteen beharra daukagu. Zaurgarritasuna erdigunean jartzen badugu eta gizartea hortik ulertzen badugu, zaurgarritasuna kudeatzea eta zaintza erdigunean jarrita, gizartea guztiz ezberdina izango litzateke. Bizia duen edozer gauza zaurgarria da, eta horren zaintza da batu behar gaituena».

Programako bitxikeria bezala, siesta kolektiboa antolatu dute, zaintzaren adierazle: «Horrelako tokietan kontsumitzen ditugu diskurtsoak eta kultura... feminismorako arnasgune bat sortzen dugu, baina ez dugu nahi pertsonak nekatuta eta larrituta egoterik. Behar dugu pertsona horiek ondo egotea. Norbaitek etzan nahi badu, koltxoiak izango ditu».

Jaurlaritza Logoa