Live

Naiz Irratia

Emakumeen Etxea «diruz ito» nahi izatea leporatu diote erabiltzaileek Gasteizko Udalari

Sorginenea, Gasteizko Emakumeen Etxea, martxan jarri bezain laster «ito nahi izatea» leporatu diote Udalari erabiltzaileek. Elena Cercadillo Emakumeen Etxeko bazkideak salatu du Udalak ez duela Etxea diruz hornitu nahi eta  horrela proiektua ez dela sostengarria.

Audio_placeholder

Emakumeen Etxea «diruz ito» nahi izatea leporatu diote erabiltzaileek Gasteizko Udalari

Loading player...
Sorginenea, Gasteizko Emakumeen Etxearen aurkezpena, irailean. (Foku/Juanan Ruiz)
Sorginenea, Gasteizko Emakumeen Etxearen aurkezpena, irailean. (Foku/Juanan Ruiz)

Gasteizko Udalak behin eta berriro berretsi du Emakumeen Etxea Hiri Proiektua dela, baina ibilbideari ekin eta bi hilabetera, proiektua ito nahi izatea leporatu diote Udalari. Hala gaitzetsi du Naiz irratian  Elena Cercadillo, Gasteizko Emakumeen Etxeko bazkideak: «Ez du diruz hornitu nahi, eta horrela proiektua ez da sostengarria. Ito egingo da».

Azaroaren 12an Gasteizko udalak 2020rako aurrekontuak argitaratu zituen eta Sorginenea Emakumeen Etxeari dagokion partida txikitu egin duela salatu dute erabiltzaileek: «Maiatzean sinatu genuen hitzarmena eta hor 90.000 euro zehazten ziren proiekturako. Abendura bitartean zenez, nahiko baliabide duina zen, diru nahikoa. Orain, urte osorako, aurreikusten genuen 130.000 euro izango zirela, baina Udal Gobernuan dauden EAJ eta PSEk %70era murriztu dute: segitzen dugu 90.000 eurorekin, urte osorako».

Bi hilabeteko ibilbidean, zerbitzu eta jarduera ugari antolatu dituzte. Abenduaren 11n liburutegi feminista zabalduko dutela ere iragarri dute, baina datorren urtera begira kezka nabarmena daukate. Sorgineneak bere lanari eusteko gutxieneko baldintzak bermatu gabe geratuko direla gaitzetsi dute, halaber: «Datorren urtean, Sorgineneako bi langileei soldata bermatzeko behar ditugu 90.000 euro horiek. Horretaz aparte, egiten dugun guztiak baliabide gehiago behar ditu».

Azaroaren 25ean Euskal Herriko Mugimendu feministak erabilitako leloak gogorarazi dituzte Sorginenean: 'Dena esanda dago. Dena egiteke' diote, Gasteizko Udalak berdintasun politikak apaingarri bezala erabili nahi dituela salatzeko: «Haserre gaude. Indarkeriaren aurkako politika eraginkorrak behar ditugu, ez bakarrik hitzak. Aurrekontu feministak eskatzen ari gara aspaldidanik».

Jaurlaritza Logoa