Live

Naiz Irratia

'Zizelkariak': Euskal Herriko ertzak erdigunean jarri nahi dituen dokumentala

Euskal Herriko periferiak erdigunera ekartzeko asmoz, 'Zizelkariak' dokumentala sortu du Topatuk. Euskal Herriko sei ertzetan, zenbait arlotan borrokan ari diren sei gazteri eman diete ahotsa. Topaturen laugarren dokumental honi babesa emateko, crowdfunding kanpaina abiatu dute eta Garazi Conde Orube, Topatuko kideak eman dizkigu xehetasunak.

Audio_placeholder

'Zizelkariak': Euskal Herriko ertzak erdigunean jarri nahi dituen dokumentala

Loading player...
Zizelkariak dokumentalaren aurkezpen kartela. (Topatu)
Zizelkariak dokumentalaren aurkezpen kartela. (Topatu)

Zizelkariena izan da dokumentala ardazteko erabili duten metafora, Garazi Conde Orube, Topatuko kideak azaldu digunez: «Zizelkariak dira egunerokoan lanean, txikitik, batzuetan kolpeka eta beste batzuetan abilezia handiz, herria eta Euskal Herria eraikitzen doazen gazte horiek; marrazki hori ertzetatik eraikitzen dutenak».

Ertzak edo periferiak izan dituzte ardatz dokumentala osatzerako garaian: «Periferia anitzak identifikatu genituen: periferia identitarioak, gorputz periferikoak... Euskal Herriaren ertzetan jarri genuen begirada». Eta hain zuzen, ertz horietako gazteen ahotsa biltzeko, sei ahots batu dituzte: Ezkerraldeko, Tuterako, Aldudeko, Donapaleuko, Irunberriko eta Arabar Errioxako kolektiboetako kideak elkarrizketatu dituzte.

Euskal Herriko errealitateak anitzak direla aldarrikatu nahi dute Topatutik: «Eta borroka egiteko, lan egiteko eta militatzeko errealitateak oso anitzak direla baita ere, lekuen arabera. Dokumental honek aitortza bat egin nahi izan die lan handia egiten duten horiei. Badauka potentziala Euskal Herria eta militatzeko modua beste modu batean ikusten dituztelako, beste leku batetik. Beti izango dira ertz geografikoak, baina feminismotik ikasi dugu ertzak erdigunera ekartzen eta hori egin nahi izan dugu dokumental honekin».

Itsulapikoa plataforman crowdfunding kanpaina sutatu dute Topatutik, dokumentaletik eratorritako gastuei aurre egiteko: «Dokumentala formatu fisikoan atera nahi izan dugu eta produkzio gastuei aurre egiteko jarri nahi izan dugu martxan crowdfunding kanpaina. Ongi goaz, baina azken bultzadatxoa behar dugu. 4.500 eurora iristea da gure helburua». Azaroaren 29an amaituko da crowdfunding kanpaina eta Tuteran aurkeztuko dute ondoren.

Durangoko Azokan, irudienean aurkeztuko dute dokumentala eta Topaturen erakusmahaian ere izango da alea eskuratzeko aukera.

Dokumentalarentzako propio sortu du 'Zizel' izeneko kanta Olatz Salvadorrek. Kanpainari bultzada emateko erabili nahi izan dute.

Jaurlaritza Logoa