Live

Naiz Irratia

Motxiladun haurrak: «Hezkuntza inklusiboa defendatu behar dugu, azken muturreraino»

Dispertsio politikak haur motxiladunen eskolaratzean duen eragina aztertu eta, haurren eskubideak defendatu nahian, motxiladun umeen unitate didaktikoa aurkeztu du Sarek. Esti Amenabarro, gida didaktikoaren egileetako batek eman dizkigu xehetasunak.

Audio_placeholder

Motxiladun haurrak: «Hezkuntza inklusiboa defendatu behar dugu, azken muturreraino»

Loading player...
Inaxio Oiarzabal, Sareko kidea, eta unitatearen egileak, Esti Amenabarro eta Marian Bilbatua. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Inaxio Oiarzabal, Sareko kidea, eta unitatearen egileak, Esti Amenabarro eta Marian Bilbatua. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Sare plataformak aurkeztu du motxiladun umeei bideratutako unitate didaktikoa. Marian Bilbatuarekin batera osatu du Esti Amenabarro pedagogoak. Aditu ikuspegitik ez ezik, ikuspegi pertsonaletik ere gaiak ukitzen dituela azaldu digu Amenabarrok: «Nahiko gertutik bizi dugu haur hauen egoera. Saiatu gara premia horiek identifikatzen bi ildotan: lehena, haur horiek planteatzen dituzten kontuak eta, bestetik, irakasleen prestakuntzaren ikuspegitik ikusten ditugun zenbait gabezia».

Pedagogoak dio agerian gelditzen dela haur hauek bizi duten errealitatea erabat baldintzatua dagoela dispertsio politikarengatik: «Dispertsio politika salbuespen politika bezala identifikatzen dugu. Haur hauei haurtzarotik eragiten die dispertsio politikak: bidai neketsuak, arriskua, beldurra, estresa... gure ustez elementu horiek zuzen zuzenean eragiten dute eskolaratze prozesuan».

Irakasleen aldetik premia ugari identifikatu dituzte, gida didaktikoa sortzeko prozesuan: «Guk ikusi dugunaren arabera, nahiko aldatzen da irakasleen inplikazio maila. Ikusi dugu irakasleek nahiko errealitate ikusezin bezala bizi dutela gai hau. Formazio espezifikoak eskatzen dituzte, batez ere haurrak galderak egiten dituelako bere bizipenetatik oinarrituta eta, irakasleek eskatzen dutena da erantzuteko baliabideak izatea. Ikusi dugu irakasle asko ari direla beren borondatez baliabideak sortzen. Beste aldetik ikusi ditugu nahiko galduta dauden irakasleak, ikasleen galderei erantzunak emateko zailtasunak dituztelako».

Inklusioa zaila dela onartuta, haurren eskubideetan jarri du azpimarra Amenabarrok: «Planteatu behar duguna da haur hauek eskubideak dituztela, bi aldiz zigortuta daudela:  erreferentziazko figura baten gabeziari gehitu behar zaio salbuespenezkoa den dispertsio politikak eragiten diena. Uste dut ezin diegula hirugarren zigor bat gehitu haur hauei. Hezkuntzaren profesionalak garenok hezkuntza inklusiboa defendatu behar dugu azken muturreraino, eta hau ere beste errealitate bat da».

Jaurlaritza Logoa