Live

Naiz Irratia

Aita Mari: «Momentu honetan ez dago inor erreskate gunean, gu izango gara lehenak»

Lesbosetik aterata, Mediterraneo erdialderantz abiatu da Aita Mari ontzia, erreskate lanak egitera. Gainerako erreskate itsasontziak Europako portuetan blokeatuta egonik, Aita Mari da, une honetan, pertsonak erreskatatzeko Mediterraneoan dagoen ontzi bakarra. Izaskun Arriaran, Aita Mari ontziko eskifaiko kidea izan dugu gurean, ontzitik bertatik.

Audio_placeholder

Aita Mari: «Momentu honetan ez dago inor erreskate gunean, gu izango gara lehenak»

Loading player...
Aita Mari ontzia.
Aita Mari ontzia.

Izaskun Arriaran, Aita Mari ontziko eskifaiko kideak kontatu digu Pasaiako portutik Mediterraneo erdialdera egiten ari diren bidea. Lesbosen deskargatu dute Euskal Herritik eramandako laguntza humanitarioa. Jantzi eta materialaren artean, ia zazpi tona eraman dituzte eta bi kanpalekutan banatu: «Egoera benetan latza bizitzen ari dira. Kanpalekutik oso-oso hunkituta atera ginen ikusitakoarekin. Lurrean egiten dute lo, dendarik gabe… ez dugu ikusten aurrerabiderik izan dezakeenik egoera honek».

Espainiako gobernuak trabak jarrri dizkio urtebetez baino gehiagoz Aita Mari ontziari, erreskateak egitea ekiditeko. Itsasoan jendea erreskatatuko balute, 900.000 eurorainoko isuna ezarriko diotela ohartarazita daude, Open Arms ontziaren antzera. Oraingoan, laguntza humanitarioa eramateko baimena da Aita Mariri eman diotena. Arriaranek azaldu digu, orain Italia eta Maltako gobernuekin hitzarmena dutela erreskate lanetan aritzeko: «Beti ere beraien koordinaziopean, edo beraiei dagokien uretan erreskatatutako jendea porturatzeko baimena dugu. Hori oso garrantzitsua da».

Mediterraneoko Europako herrialdeetako gobernuetan jarrera aldaketarik ez dutela ikusi deitoratu du Arriaranek: «Gure asmoa da legearen barruan aritu eta beraiek esandakoa betetzea da, erreskatatzen dugun jendearen onurarako». Salvamento Maritimo Humanitario gobernuz kanpoko erakundetik behin eta berriz errepikatu dute zertarako egiten duten lan: «Gure helburu nagusia laguntza humanitarioa da, eta horren barruan mila gauza daude».

Arriaranek azaldu digu Aita Mari dela, une honetan, erreskate lanetan dabilen ontzi bakarra, Mediterraneoan: «Momentu honetan ez dago inor, uste dut gu izango garela lehenengoak. Open Armsek eta Ocean Vikingsek ere ateratzeko asmoa dute, baina gu izango gara lehenak». Ontzi hauen lana aldarrikatu du: «Jende pilo bat heltzen dabil. Hiru egunetan, egon garen kanpalekuetan zortzi landing eduki dituzte».

Irteera honi jarraituz, asmoa dute itsasoan azaro bukaerara arte egotea. Inork proiektuari lagundu nahi  balio, maydayterraneo.org webgunean topatuko du informazio guztia.

Jaurlaritza Logoa