Live

Naiz Irratia

«Gazteek oso berri gutxi dute Euskal Herrian jarri behar zituzten zentral nuklearrei buruz»

Gladys del Estal ekologistaren ibilbidea jasotzen duen dokumentala aurre-estreinatu dute Bilboko Zinebi jaialdian. Bertha Gaztelumendi dokumentalaren zuzendariak azaldu digu transmisio lana dutela helburu nagusi.

Audio_placeholder

«Gazteek oso berri gutxi dute Euskal Herrian jarri behar zituzten zentral nuklearrei buruz»

Loading player...
'Ez, eskerrik asko' dokumentalaren irudi bat (Zinebi)
'Ez, eskerrik asko' dokumentalaren irudi bat (Zinebi)

Zinebi jaialdian, txalo zaparrada jaso du ‘Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa’ dokumentalaren aurre-estreinaldiak. Jendea hunkituta gelditu zela esan digu Bertha Gaztelumendi zuzendariak. Sabino Ormazabalekin batera osatu du Euskal Herriko mugimendu antinuklearraren inguruko filma:  «Sabino Ormazabalena izan da jatorrizko ideia eta gidoiaren ardura, bera ibili zen mugimendu antinuklearraren muinean».

Zuri-beltzeko irudiak eta kolorekoak nahastu dituzte dokumentalean, bilaketa handia egin dute garaiko irudiak jasotzeko: «Duela 40 urte ez zen hainbesteko argazkirik egiten, jende asko mareatu dugu eta oso eskuzabala izan da, irudi horiek garaiko testigantza ematen dute. Inplikatuta zegoen jendea ere elkarrizketatu dugu». 33 elkarrizketa bildu dituzte, hain zuzen, mugimendu horren aniztasuna agerian gelditu dadin.

Transmisio lana egitea izan dute buruan, dokumentala sortzeko orduan. Gaztelumendik dio gaurko gazteek ez dutela Gladysen historia ezagutzen: «Gazteek oso berri gutxi dute Euskal Herrian jarri behar zituzten zentral nuklearrei buruz». Eta hala, gaur egungo mugimendu ekologistari erreferentziak eskaintzeko tresna bezala ere aurkeztu dute dokumentala: «Fridays For Future mugimendua indartzen ari den bezala, badutela non ikusi Euskal Herriko mugimendu ekologista zer izan den: argi geratzen da mobilizazioak, gizarte sareak eta elkartasunak zenbaterainoko garrantzia daukan eta zenbaterainoko erantzuna izan dezakeen. Azkenean Lemoiz gelditu zen, eta baita Deba eta Ispaster ere.

Jaurlaritza Logoa