Live

Naiz Irratia

Madrilen bilera, Erorien Haranetik senideen gorpuzkinak etxera ekartzeko

Duela bi egun jakinarazi eta gaur 'Ondare Nazionalaren' egoitzan izan dira Erorien Haranetik euren senideen gorpuzkinak ateratzeko prozedurak martxan jarri dituzten zazpi familia. «Egoera teknikoaren berri emateko batzarra izan da», Ekhiñe Atorrasagastik esan digunez. Sentsazioa dute «prozedura labirintiko» batean sartu nahi dituztela eta «erabaki politiko orokor bat» behar dela aldarrikatu du.

Audio_placeholder

Madrilen bilera, Erorien Haranetik senideen gorpuzkinak etxera ekartzeko

Loading player...
Lucas Ugarte (delante, en el centro) disfrutando de una excursión. [Familia Lucas Ugarte]
Lucas Ugarte (delante, en el centro) disfrutando de una excursión. [Familia Lucas Ugarte]

Francoren gorpuzkinak Madrileko Erorien Haranetik aterata, bertan ehortzita dauden milatik gora euskal herritarren gorpuzkinak etxera ekartzeko borrokak indarrean jarraitzen du. Gaur goizean, Espainiako Gobernuaren Presidentzia Ministeritzaren baitako Ondare Nazionalaren egoitzan izan dira Erorien Haranean daudenen zazpi senide; tartean, Ekhiñe Atorrasagasti.

«48 ordu lehenago hara joateko esan eta Erorien Haranaren egoera teknikoaren berri emateko bilera izan da», Atorrasagastik azaldu digunez. Egina duten dosier horrekin proiektu bat osatu, eta indarrean dauden deshobiraketa eskariak bideragarriak diren ala ez ebatziko luke 'Ondare Nazionalak'. Erakunde publiko horretako ordezkariek gardentasun politikaren baitako bilera erronda dela esan die senideei eta gaurkoa bigarrena izan da.

Sentsazio gazi-gozoarekin atera dira bilkuratik: «iruditzen zaigu eragozpen teknikoak aitzakiatzat hartuta, prozedura labirintiko batean sartu nahi gaituztela. Barruko egituraren egoera txarraz jardun zaizkigu. Deshobiraketak eginda ere, prozesu forentsea zaila izango dela esanaz. Gu senide batzuk gara, ordea, askoz gehiago daude. Batzuek jakin ere ez dute egingo euren senitartekoak han daudela. Ez dugu ezkorra izan nahi, deshobiraketa eskuidea martxan jartzeko prozesua abian jarriko dutela esan digute, baina asko luzatu daiteke prozedura».

Atorrasagastiren ustez, ezin du izan norbanakoen eskaeraren araberako prozedura, erabaki politikoa baizik, «Erorien Haranean dauden 30 mila gorpuzkinekin zer egin erabaki behar dute». Halaber, 'Ondare Nazionalaren' esku ez, gertuko erakundeek ardurak hartu behar dituztela aldarrikatu du Atorrasagastik, «orohar, frankismoaren biktima izandakoen eskakizunak aintzat hartzeko».

Lucas Ugarte osaba tolosarra du Erorien Haranean hobiratuta. Tropa frankistek frontera eraman eta Levanteko batailan galdu zuen bzia. Bere hezurrak Terueletik Tolosara eramatea lortu zuten, baina duela urte batzuk ohartu ziren osabaren hezurrak Erorien Haranera eraman zituztela.

Jaurlaritza Logoa