Live

Ion T. BARRENA
Interview
Unai Pascual
BC3ko ikerlaria

«Kolapsora gerturatzen garen neurrian giza gatazkak nabariagoak izango dira»

Bioaniztasunaren inguruko mundu osoko punta-puntako ehun bat aditu elkartu dira Gasteizen aste honetan IPBES plataformaren baitan. Unai Pascual da buruetako bat, saioak «bikain» joan direla dio, «lan izugarria» egin dutela. 2022ko hastapenerako espero dute abian duten lana amaitzea. Lana sustatu duten 132 estatuen esku geratuko da orduan, egun hegemoniko bihurtu diren politika asko aldatzeko tresna gisa, borondaterik balego.

Audio_placeholder

«Kolapsora gerturatzen garen neurrian giza gatazkak nabariagoak izango dira»

Loading player...
Unai Pascual (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)
Unai Pascual (Luis JAUREGIALTZO / FOKU)

Maiatzean nabarmendu zen IPBES plataforma egiten ari zen lana, titular adierazgarria utzi baizuen emaitza hark, milioi bat espezie galzorian jarri dituela gizakiaren esku-hartzeak. Naturarekiko harreman hori balioen ikuspegitik ari da aztertzen zientzialari talde zabal hori orain eta aste honetan Gasteizen elkartu dira, biodibertsitatearen arloko munduko punta-puntako ehun aditu izan dira bertan.

Nolako da naturarekin dugun harremana?
Erantzun ezberdinak ditugu. Batetik, II. Mundu Gerratik aurrera Europan, AEBetan, Japonian... herrialde oso garatuen klub horretan oso azkar aldatu dira naturarekiko harremanak. Batez ere, ideologia dominante bat dagoelako ekonomiari lotuta, aurrerabidea ulertzeko modu oso zehatza, ekonomia esparru guztietara hedatu delako eta giza garapena ulertzeko modu ertsi bat sortu delako azken hamarkadetan. Horri lotua dago balioaren hitza, ekonomikoa, merkatuari loturikoa da kasu horretan eta lotura oso bereziak sortzen ditu naturarekiko, giza banakoa kontsumitzaile gisa bakarrik hartzen duelako, kontsumora bideratutako harreman bat ari da sortzen.

Munduko hainbat lekutan beste modu batera antolatzen da gizartea eta naturaren arteko harremana, kasu pila bat ditugu oraindik merkatuak ez duena balioaren ideia hainbeste bereganatu.

Natura gure mesedera ustiatzeko joera nagusitu da, gerora kaltea ekarri arren?
Gizartea gizarte bilakatu zen unetik, kontzientzia izan genuenetik, beti naturatik bizi izan gara, bertatik atera ditugu gure bizimodurako baliabide guztiak. Hori naturatik bizitzea da. Ustiaketa hori askotarikoa izan daiteke, ordea, errespetuzkoa edo ez errespetuzkoa.

Errespetuzko adibide asko dauzkagu eta kontrakoak ere bai. Kontrako horiek epe laburrera ongizatea handitu dezaketela dirudi baina azkenean horrek buelta dakar, hurrengo belaunaldientzat baina baita gu geronentzat ere, dagoeneko ari gara inpaktu hori jasotzen. Klima aldaketa, bioaniztasunaren galera, ekosistemen degradazioa, ozeanoetan arrain biomasen gutxitzea... gero eta nabariagoak dira gero eta azeleratuagoak dira pairatzen ari garen inpaktu negatibo horiek.

Zientzia azalaratzen ari dena da eredu hegemonikoa aldatu ezean sektore asko kolapsora joango direla. Kolapsora gero eta azkarrago inguratzen garen neurrian giza gatazkak gero eta nabariagoak izango dira, oinarrizko baliabideen kontrola behar-beharrezkoa delako edozein gizarterentzat.

Zer elementu agertzen dira zuen azterketan?
Gure hausnarketan ezin ditugu egon daitezkeen harreman guztiak aztertu, hori ezinezkoa da. Baina behar ditugu identifikatu mundu mailan gertatzen ari diren elementu garrantzitsuenak, 'Hot potatoes' (patata beroak) deitzen ditugu. Adibidez, azpiegitura erraldoiek sortzen dituzten inpaktu ikaragarriak. Izan daitezke mota askotakoak, bai hirietan, landa eremuetan edo basogintzan egiten direnak, nekazaritzan... aldaketa masibo handiak, normalean, industria estraktibistekin eta azpiegiturekin erlazionatuta daudenak.

Adibidez?
Herrialde askotako adituek aipatu dituzte azpiegitura linealak. Errepideak biderkatzen ari dira izugarri, ez hemen ezagutzen ditugun bidexkak, ekosistema garrantzitsuak erdibitzen dituztenak baizik, ekologikoki inpaktua oso handia delako. Aireportu berriak, hirien hedadura azeleratu hori...

Hainbat adibide ditugu eta baliatuko dugu aztertzeko zergatik bultzatzen diren halako azpiegiturak, zer balore dituzten horiek bultzatzeko eta zer beste balore egon daitezkeen mahai azpian, azaleratzen ez direnak horrelako erabaki garrantzitsuak hartzeko. Hori da hipotesia eta munduan dauden hainbat adibide ekarri behar ditugu balio talka hori nola gauzatzen den aztertzeko.

Zuen lanaren emaitza errezeta-liburu moduko bat izango da?
Prozesua oso berezia da, 132 estatuen ordezkarik aho-batez eskatu dutelako. Hau jakin nahi dutela. Hainbat zientzialari elkartu gara eta gero itzuliko diegu lana eurei, zer egin dezaketen edo zer egin nahiko duten... hori ia oso zaila da erantzutea. Baina, politikoki badago hor erantzukizun bat. 2022an hau plazaratzen dugunean onartu beharko dute hor prozesu bat egon dela eta behin onartuta ezingo dute esan txosten horretan agertzen dena ez dakitenik.

Iniziatiba norena da? Agintariena ala zientzialariena?
IPBES plataforma zientzia eta politikaren arteko eremu bat dela esaten da. Zientzialariok egiten dugu lana estatu horien, edo NBE kontsentsuz, egiten den eskaera horri erantzuteko. Azken-azkeneko txostena norena izango da? 132 estatu horiek osatzen duten plataformarena, plataforma politikoa da, baina lana eta ebidentzia, eta ebidentzia horren defentsa, zientzialariok egiten dugu.

Diskurtsoaren eta praktikaren arteko kontraesana nabarmena da halako gaietan, zuen lanean ere nabari duzue?
Erretorika aldetik gure inguruan nahiko irabazia dugu eremua, atzeraka izugarriak ari dira gertatzen beste leku batzuetan. Baina, kontzientzia pizte prozesu nabarmen bat dago, oso itzalita egon da hori hamarkada luzetan eta orain ematen du asko zabaldu dela.

Bioaniztasunaren aldetik erronka handia dugu. Klima aldaketaz asko ari gara hizketan eta oso ongi dago hori, kontzientzia pizteko, eginbeharrak lerrokatzeko, baina honek ez du esan nahi arazo ekologiko planetarioa klima aldaketara bakarrik mugatu behar denik. Krisi sozioekologikoak erpin asko ditu eta bioaniztasunarena horietako bat da.

Emaitza 2022an, beraz, aurreratu ahal dugu diagnostikoa ez dela oso polita izango, ezta?
Leku ezberdinetan ezberdina izango da, ez da diagnostiko orokor eta sinple bat agerian geratuko. Imajinatzen dut beste hainbat txostenekin gertatu den moduan, bioaniztasuna, klima aldaketa... baloreen esparru horretan ere ezberdintasunak agerian geratuko direla. Ikusiko dugu balore batzuk nola hegemonikoak diren kultura askotan eta beste balio sistema batzuk nola ari diren marjinatzen.

Bioaniztasunaren dibertsitatea defendatu behar den bezala, gure biziraupenerako eta garapenerako balioen dibertsitatea hori ere errekonozitu egin behar dela eta babestu behar dela, hori dela demokrazia edo eskubide sozialen muina. Balore guzti horiek hor daudela, ezin direla zapaldu, ezin direla ezkutatu eta oso garrantzitsua dela balore guzti horiek mahaigaineratzea modu ireki eta garden batean naturarekiko egin behar ditugun erabaki horiek ahalik eta jasangarri eta justuak izan daitezen.

Jaurlaritza Logoa