Aiako Harriak Kataluniari argia emanez

Herritar talde batek motxilak eta linternak soinean hartu eta Aiako Harrietako tontorrak argiztatu zituzten atzo arratsean, Kataluniarekiko elkartasunez eta hemen prozesu propioari bultzada emateko determinazioz. Xehetasunak Arkaitz Anza Oarsoaldeko Gure Eskuko laguna.

Loading player...
Naiz Irratia|17/10/2019
Captura_de_pantalla_2019-10-17_a_las_15.06.32
Aiako Harriak Kataluniari argia emanez (@Gure_Esku)

Sare sozialetatik pasatutako mezu baten bidez hamarnaka lagun elkartu eta Aiako Harrietako tontorrak argiztu zituzten. Kataluniarrei elkartasuna adierazi eta bidean argia emateko bokazioa zuten.

Oarsoaldeko Gure Eskuko Arkaitz Anzak, «espero baino oihartzun handiagoa» izan duela ekimenak esan digu. Helburu zehatza zuen atzoko ekimenak, herritarrek «protagonismoa hartu» eta Kataluniarrei erakustea elkartasunik handiena Euskal Herriak «bide propioa martxan jartzea» dela. 

Montserraten egindakoa inspirazio gisa hartu eta Aiako Harrietako ekimena leku askoz gehiagotik ikusiko zela jakitun, «ilusioa pizteko» ekintza egitea deliberatu zuten. Ilundu aurretik elkartu, lekuak finkatu, linternak prestatu eta bakoitza bere lekuan jarrita Aiako Harrietako perfila argiztatu zuten. Sute geldiezina bailitzan kiskali zituen sareak inguruetatik herritarrek ateratako argazkiek.

Larunbatean Donostiako Antiguatik abiatuko den manifestaziorako deia egin dute. «Abagune ona izan daiteke Euskal Herriko prozesuaren oinarriak sendotu eta aurrera begirako urratsak finkatzen eta gauzatzen joateko», adierazi digu Arkaitz Anzak. Bidenabar, 17:30ean hasiko den manifestazioan parte hartzeko gonbidapena egin du.

FM Bilbo 92.2 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Donostia 93.8 · Leitza 95.1 · Gasteiz 91.5 · Bortziriak 103.1 · Gernika 96.7
@NAIZIrratia