Zuzenean

Itxaso Leon

Diseinu «antisozial» baten aurka, Euskal Herriak behar duen tren eredua erdigunean

Abiadura Handiko Trenaren lotuneak mintzagai izaten ari diren egunotan, tren eredua bera jarri du zalantzan Sustrai Erakuntza fundazioak: Nafarroa eta Euskal Yaren arteko lotunea nondik egin behar den ardatz hartzen duen eztabaida antzutzat dute. Fundaziotik, Mikel Saralegi izan dugu NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

Diseinu «antisozial» baten aurka, Euskal Herriak behar duen tren eredua erdigunean

Loading player...
AHTaren aurkako protesta, artxiboko irudi batean.
AHTaren aurkako protesta, artxiboko irudi batean. (Jon URBE | FOKU)

Gaia berpiztu egin da Ezkio-Itsasoko lotunearen eztabaida tarteko. Eta egunotan sortutako zarataren harira, Sustrai Erakuntzatik bi elementu azpimarratu nahi izan dituzte.

Batetik, proiektuaren inguruan alderdiek elkarri leporatzen dizkieten desadostasunak, erakundeen «ezintasun ekonomikoa» bera agerian uzten dutenak, Mikel Saralegi fundazioko kidearen esanetan.

Bestetik, onartutzat jotzen dela proiektua, bigarren mailako tirabira horiek sortzen direnean. Alegia, ez dela eredua zalantzan jartzen, eta hor dago Sustrairentzat eztabaidaren muina.

Ibilbide luzeko trenbide motza

Oztopoak oztopo, atzera egiteko aukera ez da utopia fundazioarentzat. Egingarri ikusten du Saralegik lehengoratze hori baina, uneko egoera hobeto ulertzeko, zifretan irudiztatu digu.

Azaldu duenez, Nafarroako kasuan 2009an hasi ziren lehen proiektuak marratzen, eta 2011n abiatu zituzten lanak. Hamahiru urtean, hortaz, lan osoaren %10 baino ez da burutu.

Bestalde, kalkulatu dute orotara 3.500 milioi euroko lana izan litekeela, eta orain arte 300.000 baino ez direla gastatu. Xahuketa handiago hori gertatu aurretik proiektua gelditzeko garaia dela dute iritzi.

Eta zertan hezurmamitzen dira datuok? Ba orain arte Estatuak Nafarroako AHTa egiteko inbertitutako diruaren arabera, kalkuluak egin ditu Saralegik. Hala, orain arteko inbertsioa oinarri hartuta, trena Tuteratik Iruñera iristeko 34 urte beharko liratekeela esan du, eta 60 urte, lan guztia burutuz gero. «Zentzugabekeria» gisa definitu du egoera, eta «inprobisazioz beteriko kudeaketa publiko negargarriaren» emaitza dela gaineratu du.

Orain arteko martxan jarraitzekotan, salatu duenez, «amaierarik gabeko proiektu baten aurrean egongo ginateke».

Eta hemendik aurrera, zer?

AHTaren aldeko lobby-a indartuta ikusten dute; kontrako mugimendua, aldiz, ahulduta. Hori indarberritu ezean, zaila izango dela diote proiektua bertan behera uztea.

Badira urte batzuk Sustrai Erakuntzak tren sozialaren alternatiba aurkeztu zuela. Planteatzen den eredua ez dute gustuko: «diseinatua dagoen bezala, tren elitista da, hiri handiak lotzeko bakarrik balioko duena», esan digu Saralegik. Haren aburuz, begi bistakoa da Abiadura Handiko Trenaren «izaera antisoziala».

Krisi klimatikoaz eta isuriez hainbeste hitz egiten ari den une batean, trena «inoiz baino beharrezkoagoa» dela uste du Saralegik, eta ez dela horren aldeko apusturik egin.

AHTarentzat aurreikusitako aurrekontua edo orain arte xahututako dirua nahikoa izango lirateke, ondorioztatu duenez, bestelako proposamen bat bultzatzeko.

Jaurlaritza Logoa